Madrilgo ECAM Zinema Eskolako Zinema Dokumentalaren alorreko burua den, eta Iruñeko Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Jaialdiko sortzailea eta zuzendari artistikoa, 2009ra arte, izan den Carlos Muguiro (Elizondo, 1966) zinegile, programatzaile, irakasle eta ikertzailea izango da Gipuzkoako Foru Aldundia Tabakaleran sustatzen ari den Zinema Eskolaren zuzendaria. Jasotako bost proiektuen artean berea aukeratu dute, “eskola eredu berritzaile eta berezia” proposatu duelako.

Carlos-Muguiro-Zinea-Zinema-Eskola La hipótesis del cine proposamena izan da Gipuzkoako Foru Aldundia Tabakaleran garatzen ari den Zinema Eskolaren zuzendaria hautatzeko deialdira aurkeztutako lanen artean, epaimahaiaren iritziz, planteamendurik interesgarri eta egingarriena. Carlos Muguiro nafarrak garatutako egitasmoa da, eta Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatuak aditzera eman duenez, “zinemaren pedagogia zorrotza du abiapuntu, eta modu arrazoituan egokitzen da eskolaren ekosistema osatzen duten hiru erakundeen testuingurura eta lan esparruetara”.

Izan ere, Zinema Eskola Tabakalerak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak babestutako proiektua da, eta hiru ezagutza arlotan sakonduko du: zinema sorkuntza eta zuzendaritza (Tabakalera); zinema ekitaldien kudeaketa eta plangintza (Donostia Zinemaldia), eta filmen artxiboa, katalogazioa eta zaharberritzea (Euskadiko Filmategia). Ikus-entzunezko prestakuntza osagarria eta espezializatua eskaniko du. Dagoeneko hasi dituzte Tabakaleraren eraikinaren beheko solairuko 539 metro karratuko espazioaren egokitze-lanak, eta abuzturako amaituta egongo direla aurreikusi dute.

“Garapen bikaina du eta eskola eredu berritzaile eta berezia proposatzen du, proiektu honek planteatzen duen ideiarekin goitik behera bat datorrena”, gaineratu du Itxasok, Muguiroren proposamenaz.

Ibilbide azpimarragarria

Muguiro Humanitate doktorea da Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean, Komunikazioan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean, eta Zinema Zuzendaritzan diplomatu Madrilgo Erkidegoko Zinema Eskolan. Gidoilari gisa, lau sorkuntza-lan egin ditu Sergio Oksmanekin batera: Goodbye, America (2006), Notes on the Other (2008), A Story for the Modlins (2012) eta O Futebol (2015).

Punto de Vista jaialdiaren sortzailea eta zuzendari artistikoa izan da 2009ra arte, eta komisario moduan, hainbat atzera begirako eta programa zuzendu ditu madrilgo Reina Sofia Museoan, baita Bilboko Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian ere. Epaimahaikide lanetan ere aritu izan da nazioarteko hainbat jaialditan, eta dozena erdi liburu kaleratu ditu, hala nola, Kubako, Japoniako eta Errusiako zinemagintzaren ingurukoak. Gaur egun, Madrilgo ECAM Zinema Eskolako irakaslea eta Zinema Dokumentalaren alorreko burua da.

Zuzendaria bera eta proposamenaren xehetasunak datozen egunetan aurkeztuko dituztela iragarri dute, gainera.