Zuzendaria: Iratxe Fresneda
Urtea: 2016
Herrialdea: Euskal Herria
Iratxe Fresneda zuzendariak Mirentxu Loyarteren memoriaren bila jartzen gaitu Irrintziaren Oihartzunak pelikulan. Loyarteren lehen filma izan zen ‘Irrintzi’. Polemika sortu zuen laburmetraiak euskaldunen artean oso ohikoa den soinu hori erabili zuen, euskal herritarren identitate kolektiboaren inguruan hausnartzeko.
Iratxe Fresneda EHUko ikerlaria da eta bere doktore tesia egiten ari zen bitartean Loyarteren inguruko zerbait irakurri zuen eta bere inguruan gehiago jakin nahi zuen baina ez zuen aurkitu. Urte batzuk pasa ostean, Fresnedak ikerketa berri bati ekin zion eta Mirentxu Loyarte ezagutu zuen. Berarekin edukitako elkarrizketa ugariren ostean sortu zen film hau. Iratxe Fresnedak emakume aitzindari honen lana ezagutarazi nahi izan du, modu egokienean, zinemaren bitartez.
Fresnedaren lana harribitxi bat da, lan ezezagun bat aditzera ematen duelako, lan horren esentziarekin. Fresnedak errespetu handiz erakusten digu Loyarteren bizitza eta berarekin edukitako bi elkarrizketa aldi ikusten ditugu lan honetan. Elkarrizketa hauek, aurretik egindako elkarrizketa askoren emaitza dela nabari da eta zuzendari bizkaitarrak nahi izan dituen erantzunak lortzen ditu bertan.
Pelikularen ardatza Fresnedak egiten duen ahozko errelatua da, berak gidatzen gaitu Loyarteren bi lanetatik. Irrintzi (1978) eta Euskal Emakumeak (1981) ikusteko aukera dugu Loyarteren lanaren oihartzun honetan. Fresnedaren hitzak eta Loyarteren testigantzak euskal emakume zuzendari gehiago zergatik ez dauden galderaraztea egiten gaitu eta batzuetan erantzuna pelikulan aurkitu dezakegu.
Irudi eta soinu oso zainduak ditu Fresnedaren lanak, guztia ahotsak bideratzen gaituen errelatuarekin akoplazio ezinhobe bat sortzeko. Abesti bakar bat entzuten da pelikulan, eta amaieran gertatzen da. Pantaila beltzera doanean Anariren ahotsa entzuten dugu “Bihotz arrotzetatik herbesteratua” hitzak abesten, 2005eko Zebra diskoko Gu abestia ederki amaitzen du lan hau.
Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen Irrintzi, Frankismo osteko garaietan. Emanaldiaren ostean, poliziak Loyarte atxilotzera gerturatu zen Zinemaldira, pelikula eskandalu bat zelaren aitzakiarekin. Zinemaldiko zuzendariari esker ez zuten atxilotu eta estreinu horren ostean pelikulak oso zaila eduki zuen zirkuitu komertzialean arrakasta edukitzeko. Ia 40 urte ondoren, Mirentxu Loyarte Donostiako Zinemaldira gerturatu da berriro Irrintziaren Oihartzunak pelikularen aurkezpenerako. Bertan, Loyartek arantza hori kentzeko aukera izan du. Loyarteren lana bazterrean geratu zen bere garaian, baina Fresnedari esker zinemazaleok bere lana ezagutzeko aukera izan dugu maitasun handiz egindako lan honi esker.
Spoilerrak nonhai eta filma zeri buruzkoa den besterik ez du esaten kritika honek. sentitze du baino hala da. dena den animo!