Zineuskadi elkartearen Zinema Euskaraz programaren bidez, animaziozko bi film euskaraz estreinatuko dituzte maiatzean: Ardiak eta otsoak (Andrey Galat eta Maxim Volkov, 2016) eta Richard zikoina (Toby Genkel eta Reza Memari, 2017). Maiatzeko lehen bi asteburuetan helduko dira Euskal Herriko hainbat zinema aretotara.

Annecyko zinema jaialdiko Sail Ofizialean lehiatu zen iaz Ardiak eta otsoak film errusiarra. Urrutiko lurralde magiko batean bizi den otso-taldearen istorioa kontatuko digu lanak. Magra liderrak bere ondorengoa bilatu nahiko du; baina tradizioaren arabera, etsaiei aurre egiteko gai den otsoa izango da buru berria. Hautagaien artean da Gray gaztea, Biancaren maitasuna eta buruzagitza eskuratu nahiko dituen otso baldarra. Basoan barneratu, eta untxi sorgin batek emandako edabea hartuko du horretarako, baina ustekabean, ardi bilakatuko da.

Filma maiatzeko lehen asteburuan, hilaren 5ean, helduko da zinemetara, baina Zineuskadik oraindik ez du iragarri zein zinema aretotan izango den ikusgai euskaraz.

Bigarren proposamena, ostera, Richard zikoina da. Lehenak bezalaxe, bigarren honek ere animalia bat du filmeko protagonista moduan. Richard, zikoinen artean hazi bada ere, txolarre bat da, eta senideak bezala Afrikarako migrazio bidaia hasi nahiko duenean, arazoak izango ditu. Ez du amore emateko asmorik, ordea, eta Europa osoan zehar autobusean, trenean, autostop eginez… bidaiatuko du, Afrikarantz.

Luxenburgo, Alemania, Belgika eta Norvegiaren artean ekoitzitako ekoizpena maiatzaren 12an helduko da zinema aretoetara.