Marijose Barriolak eta Jon Maiak zuzendutako Gutik ZURA dokumentala 36. Minneapolis International Film Festival (Minnesota, AEB) jaialdian eskainiko dute asteazkenean, apirilak 26. Barriolak berak egingo du aurkezpena, eta ostean dokumentala eskainiko dute lehiaketaz kanpo.

Zuraren balioa gizarteratzen lagundutzeko helburua zuen dokumentala aurkeztu zuten iaz Marijose Barriola eta Jon Maiak, Pixel ekoizpen etxearen eta Oninart komunikazio enpresaren laguntzarekin. Lan honen bidez, bizitza osoa egurrari lotuta lan egin duten hainbat euskaldunen eta nazioarteko adituen esperientziak bildu dituzte, zuraren iragana eta oraina batuz, etorkizun oparo baten bila.

Lana iazko Donostia Zinemaldian estreinatu zuten, Zinemira sailean, eta ordutik dozenaka emanaldi egin dituzte Euskal Herriko herri eta hirietan.

Bada, dokumentala Minneapolisko 36. International Film Festival jaialdian eskaintzeko hautatua izan da. Asteazkenean, apirilak 26, eskainiko dute, 19:00etan Metro State Universityn. Bertan izango da Barriola, proiektuaren nondik norakoak azaldu eta ikus-entzule estatubatuarrekin iritziak eta hausnarketa konpartitzeko.