Ekainaren 7an, 14an eta 21ean Errealitatearen tolesturak, zinema garaikidearen fantasiazko joerak ikastaroa eskainiko du Maider Oleaga zinegileak Gasteizko Montehermoso Kulturunean. Zinema garaikidearen baitan, joera bat erakusten duten lanen arteko bideak identifikatzen ikasiko dute ikasleek, eta izen-ematea zabalik da jada.

Maider-Oleaga-Ikastaroa-Montehermoso-Zinea

Zientzia fikzioa, izua, naturaz gaindikoa… asko dira fantasia-zinemak bere baitan hartzen dituen elementuak. Egungo zinemagintzan, asko landu eta garatu da generoa, eta jarraitzaile fidel eta sutsuak dituzten dozenaka jaialdi tematiko sortu dira nazioarteko hainbat txokotan. Baina film horiek dituzten ezaugarriek eta elementuek errealitate anitz, konplexu eta antzeman ezinak sortzen dituzte, eta horiek identifikatzea eta aztertzea izango da ikastaroaren helburua.

Oleagak gidatutako saioak ekainaren 7an, 14an eta 21ean, asteazkenak denak, egingo dituzte Montehermoso kulturunean, 19:00etatik 20:00etara. Izen-ematea zabalik da 945 161 830 telefonoan edota info.montehermoso@vitoria-gasteiz.org helbidean.

Iragan Gunea Berlin dokumentala aurkeztu zuen iaz Oleagak; Agirre lehendakariak Eusko Jaurlaritza sortu zuela 80 urte bete zirela ospatzeko, EiTBk ekoitzi zituen bost lanetako bat izan zen. Aurretik, fikziozko film laburrak eta dokumentalak zuzendu ditu, eta uneotan Ira 26-2 izeneko film luze dokumentalaren ekoizpenean murgilduta dago; proiektuak Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso zuen 2014an, eta Ikusmira Berriak deialdian hautatu zuten 2015ean.