Donostiako Banda Bat kolektiboaren eta Errenteriako Mikelazulo Kultur Elkartearen artean antolatzen duten Lupa dokumentalen mostra bereziaren 10. edizioa maiatzaren 11tik 14ra egingo dute. “Zakur berdeak” direla eta izaten jarraituko dutela aldarrikatzeko, haiek bezalako hamahiru zinegileren proposamenak eskainiko dituzte egunotan, baita arte-erakusketa bat, bideo-kontzertuak eta antzerki emanaldi bat ere.

Lupa-mostra-zinea

Horotara hamahiru dokumental eskainiko dituzte maiatzaren 11tik 14ra, ostegunetik igandera, Donostiako Guardetxean eta Errenteriako Mikelazulo Kultur Elkartean. Haietako hainbaten estreinaldiak izango dira, gainera, hala nola, Aitor Bereziartuaren Lisbeth film laburra, edota Encore la Nuit lan kolektiboa.

Egitaraua ondorengo filmek osatuko dute:

  • Juan Falqueren Anatomía de una mirada, argazki bati erreparatzearen ondorioz sortzen diren galderen inguruan.
  • Teresa Sendagortaren Mothertongue, aita zuenaren oihartzunaren bila noraezean dabilen Keithen ibilbideaz.
  • Navarro y Moralesen Juana, betiereko dolu-aldian bizi den adineko emakume baten bizitzaren islada.
  • Pilar Monsellen Dos sueños después, zinegilearen ametsen inguruan.
  • Victor Goncaren Rosalía, Rosalía Sender Beguéren aurkezpena egiten duen filma.
  • Zac73 Dragonen Desayuno con pastillas, zinegilearen gurasoen eguneroko goizeko errutinari buruzkoa.
  • Santiago D. Riscoren Vai chover, zuzendariaren familiaren pandora kutxa.
  • Left Hand Rotation kolektiboaren Atrezzo, munduko hainbat lekutako gorputz eta edukien desfilea.
  • María Bea Torrell, Pilar Borrajo Ramos, Alejandra del Barrio Cabello eta Andriev Mechowskik zuzendutako Área de descanso, atseden lekuetan geratzen diren kamiolariak bizi dutenaz.
  • Carmen Bellasek zuzendutako Una vez fuimos salvajes, egilearen eta Madrilgo San Cristobal auzoaren arteko alegiazko elkarrizketa.
  • Iñaki Sagastumeren X Film olerki erotikoa.

Musika eta artea

Baina, ohi bezala, 10. edizioa ere ez da dokumentalen eskaintzara mugatuko: maiatzaren 13an, esaterako, Aita Labururen zenbait lan proiektatuko dituzte Guardetxean, Gartxot Unsainen musikaz lagunduta, eta ostean De Viaje taldeak kontzertua eskainiko du, bizikletaren munduarekin lotutako irudiz inguratuta. Ostean, KX DJaren txanda izango da.

Horrez gain, Oreretako hainbat saltoki eta aretotan erakusketa kolektibo bat izango da ikusgai jaialdiak irauten duen egunetan, eta maiatzaren 14an, igandea, Rouge Elea konpainiaren Hau da nire ametsen kolorea antzezlana eskainiko dute.