Euskadiko Filmategiak antolatutako Gustukoena zikloan, Itxaro Bordaren film atseginena eskainiko dute ostegunean, apirilak 20, Tabakalerako Zinema 1 aretoan. Ingmar Bergmanen Höstsonaten (Sonata de Otoño, 1978) eskainiko dute 19:00etik aurrera.

Atzerriko film onenaren Urrezko Globoa eskuratu zuen 1978an Ingmar Bergman zinegile suediar ezagunaren drama psikologikoak, eta Oscarra zein Cesar saria eskuratzeko hautagaia izan zen. Charlotte pianista da filmeko protagonista; musikari eskaini dizkio azken zazpi urteak, eta ez du Eva alaba urte horietan guztietan ikusi. Eva artzain protestantea den senarrarekin eta urritasuna duen ahizparekin bizi da, eta maitasun-gorroto harremana du amarekin. Charlottek alaba bisitatzea erabakiko du, eta une horretan bi emakumeen arteko tentsioak eztanda egingo du.

Filma Itxaro Borda idazle baionarraren film gustukoena da, eta horregatik, ostegunean, apirilak 20, Donostiako Tabakalerako zinema 1 aretoan eskainiko dute, Euskadiko Filmategiaren Gustukoena zikloan. Bordaren aurretik, Begoña del Teso, Carlos Boyero eta Anari ere izan dira bertan.

Saioa 19:00etan hasiko da, eta Bordak egingo du aurkezpena. Sarrerak 3,5 euro balioko ditu, eta Tabakalerako Informazio Puntuan izango dira eskuragai.