Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Zinema eta Antzerkia Hitzaldi Zikloan, besteak beste, Richard Sahagün aktorea; Ernesto del Río zuzendari, gidoigile eta ekoizlea; eta Félix Linares zinema kritikari eta kazetaria izan dira azken asteetan Bizkaiko Foru Liburutegian hitzaldiak eskaintzen. Hilaren 25ean Miren Manias ikerlariaren txanda izango da.

Miren-Manias-Emakumeak-Ikus-Entzun-Zinea

Ikusgarritasun falta ala autozentsura? Emakumezkoak euskal ikus-entzunezkoan izango du aztergai Miren Manias ikerlari oñatiarrak datorren asteartean, apirilak 25, Bizkaiko Foru Liburutegian emango duen hitzaldian. 19:00etan abiatuko da saioa, euskaraz, eta sarrera doakoa izango da, lekuak bete arte.

Maniasen aurretik, beste hainbat adituk hartu dute parte Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako hitzaldi sortan: Richard Sahagün aktoreak, esaterako, Bizkaiko zinemagintzaren gaineko ikuspegi berri bat eskaini nahi izan zuen martxoaren 21ean egindako saioan, eta astebete lehenago, Ernesto del Río zuzendari eta gidoilaria Bizkaiko film laburren ekoizpenaz mintzatu zen. Félix Linares kazetariak, halaber, 60ko eta 70eko hamarkadetako Bilboko zinemagintza izan zuen hizpide martxoan.

Maiatzaren 9an, bestetik, Paule Barcenilla aktore eta musikariak XXI. mendeko zinema eta antzerki euskalduna landuko du ordu eta leku berean.