Zuzendaria: Juan Palacios
Urtea: 2016
Herrialdea: Euskal Herria
Leonardo Da Vincik bi pedalez higiarazitako ontzi baten marrazkiak egin arren, Pedalontziaren asmatzailea, Ramon Barea Mendizabal donostiarra izan zen. Honek 1893 urtean, ibilgailua patentatu, 1895ean Kontxako badian probatu eta 1900eko Erakusketa Unibertsalean aurkeztu zuen.
Ia 125 urte beranduago, Juan Palacios Eibartarrak, artefaktu berdina hartu eta Ramon-ek zeharkatu zituen ur horietan, Jon, Joseba eta Eneko ipini ditu. Kasu honetan, Internet bidez pedalo bat erosi ostean, Biarritzetik Bilbora abiatuko dira 20 egun iraungo dituen bidaia zoro batean. Zoroa bai, baina baita dibertigarria eta freskoa ere. Baliteke bai, une batzuetan plano trakets, desfokuratu eta apur bar itsusiak ikustea, bai. Ala off-ahotsaren erabilera batzuetan esplikatiboegia izatea. Ala Juan “ametsetan” dagoenean ikus ditzakegun hiri desberdinetako irudi horiek, apur bat soberan egotea. Ala ontzia bakarrik ez, batzuetan istorioa bera noraezean sentitzea. Baliteke. Baina hainbeste gozatu dut eta batez ere, hainbeste gauza erakutsi dizkit lan honek, aurreko argudio negatibo guzti horiek pikutara bidaliko ditudala. Bai, “sea-movie” zentzugabe-zentzudun honen barruan murgiltzea zoragarria izan delako eta batez ere, ekoizpen batean bilatzen ditudan hainbat faktore soberan gainditu dituelako.
Lehenik eta behin, oso gutxirekin, ekoizpen berezi, polit eta desberdin bat egin daitekeela frogatu digute , aurreikuspen guztiak gaindituz eta zailena, gehiago ikusteko gogoa piztuz. Bainujantziz, ukelelez eta kanaberaz horniturik, euskal kostaldea zeharkatuko dute lehenago inork egin ez duen bezala. Hori da hasieran “saltzen” duten premisa eta hori da hain zuzen, ikusiko duzuena.
Muntaia lan bikain bati esker, ikuslea trama nagusitik atera dezakeen une surrealista guzti horiek, logika baten eremuan mugitzen dira une oro. 2004 urtean Wes Anderson zuzendari Estatu Batuarrak egin bezala, Palacios-ek, bere erara, Life Aquatic Pedalo moduko bat egitea lortu du. Copenhague-ko bere ordenagailuan zituen ehunka bideoekin, collage paregabe bat eginez eta garrantzitsuena, koherentzia horretatik atera gabe.
Zineman, pertsonaiek izan beharko luketen pisua eta garrantzia nolakoa izan behar den ere erakutsi digu. Bai, pedaloa bera baina garrantzitsuagoak, Jon, Joseba eta Eneko direlako. Beno eta Jonen aitona. Eta Xaman-fisioterapeuta-ez-erretzaile zoragarri hori eta Larraitz… Iazko Zinemaldian, Zinemira saria irabazi zuen ekoizpen honen arrakastaren sekretua hor egon liteke. Protagonisten nortasunari askatasun osoa ematea eta inprobisaziotik jaiotako momentu errepika-ezin horiei, etekin ikaragarria ateratzen jakin izan duela.
Esaldi batek dio “bidaia bera baino, benetan gozagarria dena, bidaia hori prestatzea dela”. Kasu honetan ez nago batere ados. “Pedalo” filmetik, bidaia bera baita gehien gozatu dudana. Ezinezkoa begirada pantailatik kentzea, Josebaren belauna osorik iritsiko den ala ez jakin arte. Eneko, Larraitzen deia jasoko ote duen eta jakina, Jon-en aitonaren argazkia, bidaiaren helmuga ezagutuko ote zuen.
Ez nuen filma ezagutzen! eskerrik asko kritika arin honi esker deskubritzeagatik.
Kritika bikaina, freskoa eta irakutzeko erraza (eta ulergarria, askotan gertatzen ez den zerbait), zorionak egilerari!
Argia, ongi egituratua, pelikula ikusteko gogoa jartzen duen arren, gehiegi kontatzen ez duena, arina eta Wes Anderson-en konparaketa txiki hori oso ” barregarria” eta ongi ekarria dagoela iruditu zait.
Hortik aurrera zer baloratu behar da kritika batean? egia esan ez dakit, ba al dago kritika bat kritikatzerik? bai eta ez. zer da kritika bat nola egin kritika bat? oso zaila, nik uste bakoitzaren zigilua eraman behar duen idatzi bat izan behar duela, ongi idatzia bai, baina batez ere oso pertsonala. garrantzitsua baita ere, ezagutza zinematografikoak izan eta kritika batean itsasten jakitea. Izagirrek hori soberan egiten dakiela frogatu du. Ondo. Eutsi.