Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak antolatutako Ikusmira Berriak programaren hirugarren deialdira 157 lan aurkeztu dituztela jakinarazi dute antolatzaileek. 2015eko deialdian 32 lan proposamen heldu ziren, eta 2016an 37. Honenbestez, aurtengo igoera oso nabarmena izan da, % 320koa. Bereziki atzerriko errealizadoreen kategorian nabaritu dute gorakada, kopuru osoaren % 62 bertatik heldu baita.
Carlo Chatrin Locarnoko zinema jaialdiko zuzendariak, Sergio Oksman zinegileak eta Ada Solomon ekoizleak osatuko dute aurtengo epaimahia, jasotako proposamen guztien artean, lau aukeratzeko. Donostia Zinemaldiko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan parte hartu zuten lanen kategoria, EAEko errealizadoreen kategoria, Espainiako errealizadoreen kategoria, eta atzerriko errealizadoreen kategoria bereizten dira, eta bakoitzetik ordezkari bana hautatuko dute.
Irabazleek sei asteko egonaldia egingo dute Tabakaleran; lehen lau asteetan nork bere proiektua landuko du, eta zinemaren alorreko profesionalek eskola magistralak emango dizkiete, baita aholkuak ere. Bosgarren astean, ordea, pitching saioa prestatuko dute, eta seigarren eta azken astean egitasmoa industriako profesionalen aurrean aurkeztuko dute.
Zorte on deialdira aurkeztu zareten guztiei!