Iaz Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean eskaini zuten Roberto San Sebastiánen La noche del virgen (2016) eta Sitgesko Zinema Fantastikoaren Nazioarteko Jaialdian izan zen Haritz Zubillagaren El ataúd de cristal (2016) beldurrezko ekoizpenak Bilboko Zinema Fantastikoaren 23. Fant Jaialdiko Sail Ofizialean lehiatuko dira, AEBtako, Mexikoko, Kanadako, Hego Koreako eta Finlandiako filmen aurka, besteak beste. Film laburren kategorian, gainera, 21 laburretik 11 euskal ekoizpenak izango dira.

Fant-Bilbao-Zinea-eus-Kartela-02
Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotzia, Justo Ezenarro Fant jaialdiko zuzendaria, Eugenio Puerto Fant jaialdiko programatzailea, eta Roberto San Sebastián eta Haritz Zubillaga zinema zuzendariak prentsaurreko agerraldia egin dute gaur Bilboko udaletxean. Bertan iragarri dute, aurten aurrenekoz, bi euskal film lehiatuko direa jaialdiko sail ofizialean. Film luze onaneran saria, gidoi onenarena eta zuzendaritza onenarena eskuratzeko hautagaiak izango dira.

Baina lehia gogorra izango dute, besteak beste, Europan aurrenekoz ikusgai izango den Andrew Getty zinegile estatubatuarraren The Evil Within (2017) filma, eta espainiar estatuan lehen aldiz eskainiko dituzten Gabriel Grieco zuzendari argentinarraren Hipersomnia (2017) eta Steven DeGennaro estatubatuarraren Found Footage 3D (2016) filmak ere kategorian berean izango direlako ikusgai. Orotara hamasei lan proiektatuko dituzte, kategorian honetan inoiz eskaini den film kopururik handiena.

Laburretan, euskaldunak nagusi

Baina euskal ekoizpenen parte hartzea ez da Sail Ofizialera mugatuko. Film laburren kategorian 931 proiektu jaso dituzte antolatzaileek, eta horien artean 21 aukeratu dituzte jaialdian eskaintzeko, eta epaimahaiaren eta ikusleen sariak eskuratzeko. Horietatik 11 lan dira Euskal Herrian ekoitzitakoak:

  • Beste aldetik (Mar González Ruiz de Larramendi)
  • Bright Lights (María Zabala)
  • Decorado (Alberto Vázquez)
  • Extático (Azahara Gómez)
  • Ihesa (Alejandro Díaz Castaño)
  • Jules D. (Norma Vila)
  • Nunca pasa nada (Javier Prieto)
  • Precious Moments (Asier Iza)
  • Si la oscuridad nos lleva (Mikel R. Alonso)
  • Ulises (Aitor Gutiérrez)
  • Villa Mnemósine (Rubén Salazar)

Aurten aurrenekoz, gainera, ohorezko bi sari emango dizkiete Goya sari bana jaso duten bi profesional bilbotarri: maiatzaren 5eko inaugurazio galan, Terele Pávez aktoreak jasoko du garaikurra (bertan Eduardo Casanova aktore eta zuzendari madrildarraren Pieles lehen film luzea eskainiko dute), eta maiatzaren 12ko itxiera emanaldian, aldiz, Pedro Rivero zinegile omenduko dute.

Dena den, Sail Ofizialeko eta film laburren saileko emanaldiez gain, Panorama Fantastikoa doako emanaldien atalak ere osatuko du jaialdia. Emanaldiak Golem Alhondigan egingo dituzte, eta ekoizpen berri eta berritzaile horien artean, film luze eta film labur onenen garaikurrak banatuko dituzte.

Informazio gehiago eta egitarau osoa kontsultatzeko, sartu jaialdiaren atarian.