I Am Not Your Negro
Torontoko jaialdian ikusleen saria eta dokumental onenaren Oskarra eskuratu ditu Raoul Peck zinegile haitiarraren dokumentalak. Afroamerikarren eskubide zibilen alde lan egin zuen James Baldwin idazle eta aktibistaren Remember This House amaitu gabeko eskuizkribuan oinarrituta dago, eta Martin Luther King, Malcom X eta Medgar Evers liderren zuzeneko testigantzak, bizipenak eta heriotzak kontatuko ditu, AEBtako arrazakeriaren gatazkari ikuspegi berri bat emateko.
Your Name
Japoniatik, ostera, Makoto Shinkai zuzendari eta ekoizlearen animaziozko film erromantikoa helduko zaigu. Japoniaren historiako laugarren film ikusiena bilakatu zen iaz, eta Taki eta Mitsuha gazteen istorioa kontatuko digu. Lehena Tokion bizi den unibertsitateko ikaslea da; ikasketak eta lana uztartzen ditu, eta lasaitasuna du amets. Mitsuha, ostera, herri txiki batean bizi da, eta hirigunera bizitzera joatea gustatuko litzaioke. Gau izartsu batean, haiek jakin gabe, gorputzak trukatuko dituzte, eta bizimodu berrira ohitu beharko dute. Irudi ikusgarri eta landuek animazioa gustuko duten ikusleak txundituko ditu.
Toivon tuolla puolen (El otro lado de la esperanza)
Aki Kaurismäki zinegile finlandiarrak Berlingo zinema jaialdian zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza irabazi berri du komedia eta drama uztartzen dituen gaurkotasun handiko filmarekin. Wikhström 50 urte inguruko gizona da; banandu egin da, eta bizimoduz aldatzeko, jatetxe berezi bat zabalduko du. Egun batean Khaled izeneko etorkin siriarra topatuko du garajean. Finlandian asiloa eskatu du, eta berak bezala Siriatik Europara ihes egin duen ahizpa aurkitu nahiko du. Bi gizonen artean harreman berezia sortuko da, baita egoera surrealista eta xelebre ugari ere, zinegilearen filmetan ohikoa den bezala.
Igelen Erresuma
Zineuskadiren bidez, ostera, etxeko txikienentzako proposamen interesgarria estreinatuko dute zinemetan: Igelen Erresuma animaziozko filma. Nelson Shin eta Melanie Simkak zuzendu dute igelen erreinuko Olinpiar Jokoetan, Igelinpiadetan, girotutako lana. Igel Erreginak probak irabazi nahiko ditu irabazlearekin ezkondu behar ez izateko, eta Freddie lagunarekin entrenatzen hasiko da. Baina suge gaizto batek Igelinpiadak baliatuko ditu igelak akabatzeko, eta Erreginak hari aurre egingo dio. Filma Bilboko Multicines zinemetan, Amorebieta-Etxanoko zinema aretoan, Getxoko zineman, Portugaleteko Dock zinemetan, Errenteriako Niessen zinemetan eta Donostiako Antiguo Berrin izango da ikusgai asteburuan.
Últimos días en La Habana
Fernando Pérez zinegilearen film berriko protagonistak antzeztu dituzte Jorge Martínez eta Patricio Wood aktoreek. Lehena Miguel izango da, New Yorkera ihes egitearekin amets egiten duen gizonezko kubatarra. Woodek, ordea, HIES gaitza du, eta ohean igaroko ditu egunak, bizirautea helburu. Pertsonaia interesgarri multzo batek hartuko du parte bi gizonen egunerokoan, eta espero gabeko bisa helduko denean, erabaki bat hartu beharko dute.
Le fils de Jean (El hijo de Jean)
Pierre Deladonchamps aktoreak 33 urteko Mathieu gorpuztuko du. Ez du aita ezagutu, gau bateko abentura baten ondorio dela esan baitio beti amak. Baina goiz batean, Kanadatik datorren dei bat jasoko du. Bere aitaren lagun bat izango da, eta hura hil egin dela esango dio. Aitak oinordetzan utzi dion koadroa bidali nahi omen dio, eta bi anaia dituela esango dio. Jakin-mina piztuko zaio, eta Montrealera egingo du bidaia, bertako sendia ezagutzera. Phillippe Lioretek gidatu duen drama frantziarrean egindako lanagatik, gizonezko aktore onenaren saria eskuratzeko hautagaia izan zen Deladonchamps iazko Cesar sarietan.
Creative Control
AEBtako zinema independentearen “azpi-generoan” kokatzen da, aldiz, Creative Control zuri-beltzean errodatutako drama. Benjamin Dickinsonek zuzendu du, eta aktore gisa ere aritu da, pertsonaia nagusiaren paperean. Asmatzaile bat izango da, eta berak sortutako betaurrekoekin, bizitza errealean eragiteko gaitasuna izango du. Baina bere fantasia teknologikoak mesede baino kalte handiagoak eragingo dizkio.
Life (Vida)
Daniel Espinosa zinegile suediarraren berrienak Martera joango diren sei astronautaren abentura pantailaratuko du, planeta gorrian atzeman duten lehen izaki biziduna aztertzera. Taldearen ikerketek aurrera egin ahala, izakia uste baino inteligenteagoa dela konturatuko dira. Jake Gyllenhaal, Rebecca Ferguson, Ryan Reynolds, Hiroyuki Sanada, Ariyon Bakare eta Olga Dihovichnaya aktoreak batu dira zientzia fikziozko abenturara.
Power Rangers
90eko hamarkadako Power Rangers telesaila film luze bilakatu dute Dean Israelite zinegileak eta Lionsgate eta Saban Entertainment ekoizpen etxeek. Dacre Montgomery, Naomi Scott, RJ Cyler, Ludi Lin eta Becky G. aktoreek antzeztutako bost gazteak AEBtako Angel Grove herrian bizi dira. Estralurtar talde batek lurra suntsitu nahiko du, eta bost gazteak Power Ranger bilakatuko dira, ohiz kanpoko botereak eskuratuta. Zientzia fikzioa eta abentura uztartzen dituen gaztetxoen gozamenerako filma.
De Premier (Primer ministro)
Eta abenturazko film batetik, thriller indartsu batera: De Premier belgikarra. Filmeko protagonista Belgikako Lehen Ministroa izango da. Bera, emaztea eta seme-alabak bahitu egingo dituzte, eta bizirik jarraitu nahi badute, Belgikara etortzekoa den AEBtako presidentea erahil behar duela esango diote Lehen Ministroari. Une horretatik aurrera, ekintza zirraragarriz jositako bidaia hasiko dute Erik Van Looy zuzendariaren aginduetara.
Smoking Club (129 normas)
Alberto Utreraren filmeko protagonista Oscar (Rodrigo Poisón) da, ia 40 urte dituen gizonezkoa. Neska-laguna eta lana utzi, eta unibertsitate garaiko Danny lagunarekin batera, marihuana erretzeko klub bat sortuko du. Oinarrizko arau bakarra jarriko dute: kluba leku libre bat izango da, mundutik babestu eta aske sentitzeko gunea… Baina pixkanaka, araua anbiguo samarra dela ikusita, beste 128 gehitu beharko dituzte, eta arazo larri batekin egingo dute topo: elkartean egon behar ez zuten hiru kilo belar desagertuko dira.
Empatía
Animaliekiko errespetua zabaldu nahi duen eta fikzioa, publizitatea eta dokumentala uztartzen dituen Ed Antojaren proposamen interesgarria.
Órbita 9
Álex González eta Clara Lagok, ostera, Alex eta Helena gazteak gorpuztuko dituzte Hatem Khraichek zuzendutako zientzia fikziozko lanean. Lehenak bizitza osoa darama biziraute-misio baterako prestatzen, eta berak jakin ez arren, esperimentu zientifiko erraldoi bateko pieza garrantzitsua da. Baina egun batean Alex ezagutuko du, eta une horretatik aurrera, Helenaren errealitatea erabat aldatuko da. Bien arteko maitasun istorioak gizateria osoari eragiten dion esperimentua arriskuan jarriko du.
A fond (A fondo)
Eta Frantziatik, azkenik, Nicolas Benamouk zuzendutako komedia zentzugabea helduko zaigu, autoan oporretara joango den familiaren inguruko filma. Oporretako lehen egunean, goiz irtengo dira etxetik trafiko astuna saihesteko, eta Tom aitak, autoa 130 kilometro orduko abiaduran finkatuko du. Baina une horretan, aitaginarreba haserretu egingo da, eta emazte Juliak atzera egiteko eskatuko dio. Arazoa: autoa blokeatu egin da, eta Tomek ezingo du 130 kilometro orduko abiaduratik jaitsi.