El-bar-Kartela-Zinea-eusZuzendaria: Alex de la Iglesia

Urtea: 2017

Herrialdea: Espainia

Madril, goizeko 9:00ak dira. Hiriguneko taberna batean hainbat pertsona daude gosaltzen, egunerokoari heldu aurretik. Horietako bezero bat tabernatik irtengo da, eta, ustekabean, tiro bat jasoko du buruan kalean dagoenean. Ikarak taberna hartuko du, bertan daudenek kalera ez irtetea erabakiko baitute, frankotiratzaile bat kanpoan omen dabilelako. 

El bar pelikulak ez du inolako ezusterik ekarriko, eta ez naiz zentzu txarrean ari. Alex de la Iglesiaren pelikulak maite dituztenek gustura hartuko dute; zuzendari bilbotarraren jarraitzaile ez direnek, berriz, hobe dute etxean geratu, baina hori ongi baino hobeto dakite, kritika hau irakurri beharrik gabe. Hortaz, balore segurutzat joko nuke filma, onerako eta txarrerako. Neurri handi batean, badakigu zer aurkituko dugun aldez aurretik.

Jarraitzaile eta aurkarien alboan, erdibidean daudenak geratzen zaizkit aipatzeko, eta multzo honetan kokatuko nuke nire burua. Bada, esan beharra daukat uste baino biribilagoa iruditu zaidala proposamena, xelebre xamarra izango ote zen beldur bainintzen, karikaturatik gertu. Umorea eta istorioa, ordea, ez dira parametro normaletatik gehiegi aldenduko, beti ere Alex de la Iglesiaren lanak normalegiak ez direla kontutan hartuta. Erritmo ona du, thriller gisa interesa pizten du eta pertsonaiak ez zaizkigu bestetan bezain esperpentikoak irudituko. Barregarriak bai, baina gehiegikeria nabarmenik gabe (berriro diot, Alex de la Iglesiaren langa ezagututa). Hala, pelikula ikusi, ikus egin daiteke, baita une atsegina igaro ere, baina, hori bai, ez pentsa jarraitzaileen multzora igarotzeko moduko maisu lana denik. Nik, behintzat, zinema aretora sartu aurretik nuen posizio berean jarraitzen dut, erdibidean. Ez dut hotz, ez eta berorik sentitu, baina entretenimendutik askoz gertuago egon naiz, asperduratik baino. 102 minutuak azkar pasa zaizkit.

Pelikularen tramari dagokionez, bizirauteko borrokan ibiliko dira protagonistak, eta pairatuko dituzten bizipenek barruan duten munstroa esnatuko dute. Arriskutsu bilaka daiteke gizakia muturreko egoeretan, gora eta behera ibiliko diren korridore eta soto itogarriak baino ilunago. Hala ere, mezuan ez nuke gehiegi sakonduko, ikasgaiak ateratzeko baino, pertsonaiekin sufritu-gozatzeko pelikula bat delako. Eta hara non, Mario Casas topatuko dugu nahasmenaren erdian. Kosta egiten zait aktore galiziarrarekin objektiboa izatea, bere kasuan ez bainaiz erdibidean kokatzen, baina onartu beharra daukat zuzen arituko dela, eta hori ez da gutxi. Hirugarren aldia da Alex de la Iglesiarekin egiten duela lan (Mi gran noche, Las brujas de Zugarramurdi), eta oraingoan ere gau handitik urruti egon arren, duintasunez jokatu du hipsterraren papera. Dena den, norbait nabarmentzekotan, Jaime Ordoñez goraipatuko nuke, etxe gabearen paperean.

Hau guztia esanda, zinemarako bidean zaudetenoi pelikula ikusteko gonbitea luzatuko nizueke, erdibidean zaudetela aprobetxatuta. Etxean goxo-goxo bazaudete, jarrai ezazue egiten ari zaretenarekin. Jarraitzaile sutsuei, aldiz, ez diet gomendiorik luzatuko. Erabakia hartuta dute, ez dut zalantzarik. Madrilgo taberna zahar horietako batean gosaltzeko txangoa prestatzen ariko dira, honez gero.