Euskal kultura zabaltzeko eta gazteei euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten laguntzeko helburua du Euskaltzaleen Topaguneak, orain hiru urtez geroztik, banatzen duen Benito Ansola Bekak. Laugarren deialdia apirilaren 3an, astelehena, zabalduko dute, eta ekainaren 2ra arte izango da proiektuak aurkezteko aukera. Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du.

Benito-Ansola-Sariak-Zinea

Hemezortzi eta 36 urte arteko gazte euskaldunei (ala Euskal Herrian bizi direnei) zuzendutako beka da Benito Ansola. Deialdira euskarazko ikus-entzunezko lanak egiteko proiektuak aurkeztu behar dira, eta bakarka nahiz taldean prestatutako egitasmoak izan daitezke. Gaia eta generoa erabat libreak dira.

Aukeratutako proiektuak, Euskaltzaleen Topagunearen bidez, 3.000 euroko laguntza jasoko du, eta emaitza hurrengo urteko Euskal Zine Bileran estreinatu beharko da.

Lehen edizioan David Zabalak eta Paul Urkijok eskuratu zuten beka, eta Ohe azpiko zera eta Izena duena film laburrak ekoitzi zituzten. Bigarren urtean, aldiz, Aitor Gametxo, Maria Elorza eta Maider Fernandez Iriartek jaso zuten saria, eta Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa film laburra egiteko baliatu zituzten 3.000 eurokoak. 2015ean, azkenik, Irati Cano Alkain donostiarra izan zen garailea, eta iazko Euskal Zine Bileran aurkeztu zuen Leihoak film laburra.

IV. deialdia

Deialdi berria apirilaren 3an zabalduko dute, ekainaren 2ra arte. Oinarriak kontsultatzeko aukera dago jada. Epaimahaiak aurtengo Euskal Zine Bileran jakinaraziko du IV. deialdiko garailea. Animatu!