Demain tout commence (Mañana empieza todo)
Intouchables (Olivier Nakache, 2011) filmarekin ezagun egin zen Omar Sy aktorea da Hugo Gélinen film berriko protagonista. Eta filma, era berean, Mexikoren historiako film arrakastatsuena den No se aceptan devoluciones (Eugenio Derbez, 2013) lanaren remake frantziarra da. Sy Samuel izeneko bizizalearen azalean sartuko da; Frantzia hegoaldeko kostako herri batean bizi da, ardurarik gabe, zoriontsu. Egun batean, hilabete batzuk lehenago ezagutu zuen neska britainiarra azalduko da, Gloria alaba txikia besotan duela, eta Samuelen alaba ere badela esango dio. Ondoren, bat-batean, sorterrira itzuliko da. Haurra itzultzeko asmoz, haren atzetik Londresera abiatuko da Samuel, baina ez du neska topatuko, eta alabarekin bertan bizitzen geratuko da. Zortzi urte geroago, Gloriaren ama itzuli egingo da, alaba berreskuratzeko asmoz. Kritikaren arabera, film hunkigarri eta dibertigarria.
David Lynch. The Art Life
David Lynch zinema zuzendari, aktore, musika ekoizle eta gidoigile estatubatuarraren bizitzako lehen urteetara eta gaztarora bidaia egingo dugu Rick Barnes, Jon Nguyen eta Olivia Neergaard-Holmen zuzendutako dokumentalarekin. Izan ere, bere gaitasun artistikoak margolaritzara, publizitatera, argazkigintzara eta baita altzarien diseinura ere bideratu ditu Lynchek. Artistaren ikuspegi intimo eta berezia eskainiko digun lana.
Cantábrico
Joaquín Gutiérrez Acha zinegile espainiarrak Galiziatik Euskal Herriraino hedatzen den Kantauriko mendikateko fauna aztertu du azken bi urteetan, bertan bizi diren animalien bizimodua pantaila handira eramateko. Dokumentaleko protagonista nagusia Kantauriko hartz arrea izango da, eta basoek urtaro batetik bestera jasaten dituzten aldaketak erakutsiko dizkigu.
Last Days in the Desert (Últimos días en el desierto)
Rodrigo García gidoigile eta zuzendari emankorrak Jesusek eta Deabruak basamortuan izango duten topaketa aztertuko du Bibliako pasarteetatik abiatuta. Ewan McGregor, Tye Sheridan, Ayelet Zurer, Ciarán Hinds eta Susan Gray, tartean, batu zaizkio proiektura, 40 eguneko ibilbideko gorabeherak oso era berezian erakusteko.
Table 19 (Mesa 19)
AEBtatik, bestetik, ezkontza batean girotutako komedia helduko zaigu: Jeffrey Blitzek gidatutako Table 19. Anna Kendrick, Lisa Kudrow, Stephen Merchant, Tony Revolori, Craig Robinson eta June Squibbek, besteak beste, antzeztu dituzte filmeko protagonistak. Guztiak ezkontza bereko gonbidatuak izango dira; ez dute elkar ezagutzen, baina ezkongaiek mahai berean jarriko dituzte, non jarri ez dakitelako. Nazioartean kritika gogorrak jaso dituen proiektu arina.
Ghost in the Shell
Izen bereko zientzia fikziozko saga arrakastatsuan oinarritutako filma dakar Rupert Sanders zinegileak. The Major izeneko pertsonaia, robot baten eta emakume baten arteko nahasketa berezi eta ahalduna, gaizkile arriskutsuenen aurka borroka egiten duen taldeko burua da. Scarlett Johansson aktoreak gorpuztu du The Major akzioa eta efektu bereziak erruz eskainiko dizkigun film honetan.
The Smurfs: The Lost Village (Los pitufos: La aldea escondida)
Pottokiek ez dute sekula zalantzan jarri munduan bakarrak direla, eta ez dagoela haiek bezalako beste izakirik. Pottokinak, ordea, haien antza handia duen izaki bat ikusi du, eta lau anaiarekin batera, beren lurretatik irten eta ingurune ezezagunean barneratuko dira, izaki misteriotsuen bila. Shreck 2 (2004) filmeko zuzendari-taldean aritu zen Kelly Asburyk gidatu du proiektua, eta AEBtan, Ariel Winter, Joe Manganiello, Michelle Rodriguez, Julia Roberts, Ellie Kemper, Mandy Patinkin eta Jake Johson izarrek, besteak beste, jarri dizkiete ahotsak animaziozko pertsonaiei.
The First Monday in May
Andrew Rossi dokumentalgileak modaren inguruko gogoeta egingo du The First Monday in May lanean. 2015ean New Yorkeko Metropolitan museoan ikusgai izan zen China: Through the Looking Glass erakusketaren prestakuntza lanak erakutsiko dizkigu horretarako, eta modak museoetan izan beharreko lekuaz hausnartuko du.
Belle Dormant (Bella durmiente)
Loti Ederra ipuin klasikoaren egokitzapen modernoa egin du Adolfo Arrieta zinegile madrildarrak, Frantziaren eta Espainiaren artean ekoitzitako lan berrian. Niels Schneiderek Egon printzea antzeztuko du; gauak bateria jotzen eta smartphoneari itsatsita igaroko ditu. Baina egun batean, Kentz erreinura joatea erabakiko du, Loti Ederra esnatzera.
Todo mujer
Eta Rafael Gordonek, azkenik, Isabel Ordaz aktorea protagonista duen drama aurkeztuko du. Amalia Segoviako jauregi batean biziko da; oso egoera kaskarrean dago eraikina, eta egunean arrautza bate maten duen oiloari esker bizi da emakumea. Egun batean, ostera, bera baino okerrago dagoen eskale batekin egingo du topo kalean, eta etxera eramango du. Une horretatik aurrera, andrazkoaren bizimodua zeharo aldatuko da, eta bizitzen jarraitzeko gogoak berreskuratuko ditu. Hainbat jaialditan saritu dute ekoizpena.