Urtebete beteko da laster, maiatz hasieran, Zinea atariko blogak martxan jarri genituenetik, eta lehen hilabetetik bertatik atala handitzeko asmoa izan dugu. Bada, apirileko lehen asteartearekin batera hasiko dira lanean Jon Sanchez eta Uxue Arzelus blogari berriak, eta haien argitalpenak gainerako zazpi lagunenekin tartekatuko dira aurrerantzean.

Blogari-berriak-Zinea

Egunerokoan lantzeko aukerarik ez dugun gaiak jorratzeko, kontaketa zorrotzagoak egiteko eta iritziak emateko aukera eskaintzen digute blogek. Ez hori bakarrik: gai zehatzen inguruan jakitun diren euskal gazteei ahotsa emateko ere balio dute. Eta ez dakizue horrek zenbat pozten gaituen! Gainera, hedabide parte hartzailea, zinezaleek hurbil eta eskuragarri sentitzen dutena, egitea izan da hasieratik gure helburua. Eta norabide horretan, gazteen ekarpenek bete-betean egiten dute bat gure asmoekin.

Hala, apirilaren 4tik aurrera, bi blogari berri batuko zaizkigu blog-gunera. Jon Sanchezek transmedia eta new median oinarritutako narrazio-molde berriak aztertu eta garatuko ditu Laugarren pareta zulatuz blogetik. Uxue Arzelusek, ostera, filmen atzean ezkutatzen diren gidoiak izango ditu aztergai Kontu kontari txokoan, haiek balioan jartzeko.

Zortzi, orotara

Bi gazteek Amaia Garcia, Gaizka Izagirre, Maria Elorza, Maider Fernandez Iriarte, Aitor Gametxo, Irati Cano Alkain eta Cliff de Hory blogariekin egingo dute bat horrela. Haien lanek harrera beroa izaten dute astero, eta kide berriek ere irakurleen oniritzia jasoko dutelakoan gaude. Beraz, datorren astetik aurrera, gozatu Sanchez eta Arzelusen sorkuntzekin!