Gaur, martxoaren 30ean, abiatuko da 20. Korrika Otxandiotik, eta apirilaren 9ra bitarte, Euskal Herriko hiri eta herrietan barrena, eskuz esku, ibiliko da lekukoa, apirilaren 9an Iruñera iritsi arte. 20. edizioa dela-eta, AEKren eskaerari erantzunez, BatZuk: Euskararen lau aurpegi dokumental laburra osatu du Hiru Damatxo Ideia Faktoriak.
Maika Etxekopar antzerkilari, kantari eta musikari zuberotarra; Dani Alvarez EiTBko kazetari galiziarra; Elena Caballero La Basu rap musikari bizkaitarra; eta Ander Larunbe, erdi eskoziar erdi iruinsemea, ezaguna hainbat eremutan egindako lanagatik. Euskara eta hizkuntza bizitzeko modu ezberdinak dituzten lau aurpegi ezagun dira, eta aniztasun horren argazkia egiten ahalegindu dira BatZuk: Euskararen lau aurpegi dokumentalean.
Bakoitzaren testuingurua eta horrek hizkuntzarekin garatutako harremean duen zeresana kontatu diote Hiru Damatxo Ideia Faktoriako lagunei, norberak bizitakoetatik, sentitutakoetatik eta ikasitakoetatik abiatuta, eta 30 minutuko piezan bildu dituzte testigantza pertsonal horiek. Dokumentala EiTBk eskaini zuen, eta Sarean ere ikusgai da.
Hamar eguneko festa
BatZuk lelopean irtengo da gaur Korrika Otxandiotik. Euskararen mundura hurbiltzeko deia egin nahi izan diete aurtengoan antolatzaileek herritar erdaldunei, eta hizkuntza aniztasuna eta aukera beredintasuna hartu dituzte argudio gisa. Gainera, 1980an lehen Korrika antolatu zuten norbanakoak izango dira aurtengo edizioko omenduak.
Euskalgintzaren alorrean aldaketa giroa zabaltzen ari den honetan, Hego Euskal Herriko hiriburuetako alkateei luzatu die gonbitea AEKk, kilometro bana egin dezaten, eta Eusko Jaurlaritzako hainbat ordezkarik ere bat egingo dute ekimenarekin.
Ibilbide osoa kontsultatzeko eta informazio osagarria eskuratzeko, zoaz Korrikaren webgunera.