A-cure-for-wellness-Kritika-Zinea-PosterZuzendaria: Gore Verbinski

Urtea: 2017

Herrialdea: AEB

Lockhart gazteak (Dane DeHaan) Wall Streeten egiten du lan, eta bere enpresan gora egitea du helburu. Nagusiek bulegora deituko dute, eta lan bitxi bat enkargatuko diote: zuzendari exekutiboaren bila joateko eskatuko diote, berebiziko garrantzia duen tratu bat ixteko. Kontua da zuzendari exekutiboa Europan dagoela, Suitzako Alpeetako bainuetxe batean, bertatik itzultzeko inongo asmorik gabe. Bada, Lockhart bainuetxe horretara abiatuko da, baita iritsi ere, eta leku horrek zer edo zer berezia ezkutatzen duela ohartuko da lehen unetik.

Hasieratik hasiko naiz, itzulingururik gabe, pelikularen lehen ordu erdia zinema areto batean aspaldi bizi dudan unerik zirraragarriena izan baita niretzat. Pertsonaia nagusiari egokitutako misioa, istorioen arteko loturak, kameraren ikuspuntuak, argazkia, lokalizazioak, musika, bidaia bera… hasierak bete-betean harrapatu egingo du ikuslea, eta aurkezpen indartsu honengatik bakarrik merezi du sarrera ordaintzeak.

Lockharten izaera handinahiak ere intriga areagotuko du, harrokeria laster apalduko zaiola irudituko baitzaigu. Ikasgairen bat zain duen sentipena izango dugu lehen minututik, Edgar Allan Poeren ipuin bat bailitzan. Bram Stokerren Dracula (Francis Ford Coppola, 1992) ere etorriko zaigu burura, istorioaren eszenatoki nagusi izango den gotorlekurako bidean. Limusina beltz batean iritsiko da Lockhart, bihurgunez beteriko mendi errepidea atzean utzita, txofer bat baino Dracularen laguntzaile dirudien auto gidariarekin batera. Behin bainuetxean, gure iruditeriak ez du etenik izango. Shutter Island (Martin Scorsese, 2010) pelikulan ote gauden zalantza izango dugu, Leonardo DiCaprio bera ere ikusi dugulakoan, DeHaan aktorearen larruan.

Bistan da zuzendariak goi goian jarriko duela langa hasieran. Hortaz, ez da harritzekoa pelikulak behera egitea, erritmoari ezin eutsi. Eta hala gertatuko da, istorioa nahasten joango baita pixkanaka pixkanaka, ikuslea bera korapilatu arte, bainuetxeko uretan bizi diren aingiren gisara. Gore Verbinskiren lana luzeegia da, bi ordu eta erdi irauten du, eta horrek ez dio lagunduko maila eusteko garaian. Zorionez, amaiera astunak ez du hasierako distira itzaliko, inondik inora; giro eta ingurune aztoragarriari esker bereziki. Agertokiak adi mantenduko du ikuslea.

A Cure for Wellness harribitxi bat da estetikoki, trama korapilatu egiten denean ere. Une horretan, zuzendariak B serieko filmei begi-keinua egingo die, osasun tratamenduak egiteko erabilitako tresneria ikusita. Sofistikatutik gutxi dute, eta Frankensteinetik asko. Hala ere, ez pentsa korridore eta soto ilunak errealitatetik horren urruti daudenik. Gure fantasiari bide ematera ohituta egonez gero, nahikoa da mendi artean dauden bainuetxe dekadente horietako batera joatearekin zirrara bera sentitzeko, Verbinskiren istorioa ezagutu beharrik gabe. Ondorioz, Tenesseeko zuzendariak ez duela ezer asmatu erantsiko nuke, barruan ditugun mamuak azaleratzearekin nahikoa izan baitu ikuslea aztoratzeko. Esperimentua ondo atera zaiola esango nuke.