Martxoaren 29tik 31ra egingo dute HUHEZINEMA jaialdiaren 10. edizioa. Hezkuntza proiektu esperimental gisa abiatu zuten, eta hamar urte geroago, Euskal Herriko film laburren jaialdien zirkuituan urteroko zita garrantzitsu bilakatu da.

Ikus-entzunezko ikasleen eta industrian diharduten profesionalen topagunea ere bada, eta ibilbidearen nondik norakoak zein aurtengo edizioaren xehetasunak ezagutzeko, Iban Del Campo (Arrasate, 1971) Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Graduko irakaslearekin eta HUHEZINEMA jaialdiko koordinatzailarekin, eta Idoia Dávila (Tolosa, 1994) eta Garikoitz Rivera (Oñati, 1988) aurtengo antolakuntza taldeko ikasleekin izan gara.

AIC Film laburren Industriaren Elkarte espainiarraren kalitatezko ziurtagiria jaso berritan, gaur, martxoak 29, abiatuko dute 10. HUHEZINEMA jaialdia. Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio Graduko laugarren mailako ikasle talde bat arduratzen da urtero jaialdia antolatzeaz, programazioa erabakitzetik hasi, lanak jaso, diru-laguntzak eskatu, komunikabideekin tratua egin, eta emanaldiak gauzatzeraino. “Oso interesgarria da, baina lan handia egin beharra dago”, aitortu digute Garikoitz Rivera eta Idoia Dávila ikasleek.

Aurtengo urteurren borobila dela eta, jaialdi berezia prestatzen ahalegindu dira, eta ohi baino emanaldi gehiago programatu dituzte. Adierazpen guztiak bildu ditugu laburpen-bideoan.