Las Chicas de Pasaik bikoaren Gure Hormek film laburra, Pascal Gaigne musikaria, David Arratibel zinegilea, Lander Camareroren Nuestro viejo (y el mar) fikziozko film laburra, eta Nagore Eceizaren Fifty rupees only laburra. Malagako zinema jaialdiaren 20. edizioak euskal zinemagintza goraipatu du asteburuan egin duten sari-banaketa ekitaldian.

Malaga-Zinemaldia-palmaresa-Zinea

Film luzeen kategoriatik hasita, Loreak (Jon Garaño eta Joxe Mari Goenaga, 2014), Lasa Eta Zabala (Pablo Malo, 2014), Amaren Eskuak (Mireia Gabilondo, 2013) eta 80 egunean (Joxe Mari Goenaga eta Jon Garaño, 2010), besteak beste, filmei soinu banda jarri dien Pascal Gaigne musikari euskaldun ezaguna saritu dute, Iñaki Dorronsoro gasteiztarraren Plan de fuga akziozko filmari jarritako soinu bandagatik. Filma apiril amaieran helduko da zinemetara.

Aldiz, film laburren kategorian jaso ditu euskal zinemagintzak sari gehien:

  • Gure Hormek (Maria Elorza eta Maider Fernandez Iriarte, 2016) lanak film labur dokumental onenaren saria jaso du.
  • Film laburren kategoriako zuzendari onenaren sari nagusia, David Arratibelentzat izan da, Converso film laburragatik.
  • Nuestro viejo (y el mar) (Lander Camarero, 2016) lanak fikziozko film labur onenaren saria jaso du.
  • Fifty rupees only (Nagore Eceiza, 2015) laburrak emakumeen eskubideen aldarrikapena egiten duen film labur onenaren saria jaso du.

Gainerako sariak

Jaialdiko sari nagusia, ostera, Carla Simón katalanaren Estiu 1993 filmak jaso du, eta zuzendari onenaren garaikurra Víctor Gaviriarentzat izan da, La mujer del animal filmagatik. Emakumezkko aktore onenaren saria, halaber, Nathalie Pozak lortu du, Lino Escaleraren No sé decir adiós filmean egindako lanagatik, eta gizonezkok aktore onenarena Leonardo Sbaragliarentzat izan da, Adrián Caetanoren El otro hermano film argentinarragatik.