Jon Rementeria eta Ibon Meñikak sustatu dute Sare Gernika-Lumoren ekimenetik sortutako Aterabidetik film laburra. Dispertsio politikak gernikarrengan eragiten dituen errealitateak islatu nahi dituzte, Euskal Herri osora hedatu eta tresna moduan funtzionatu dezan, sakabanaketa politikarekin amaitzeko.

Aterabidetik-Gernika-Kartela-Zinea-01Sare Gernika-Lumo herritarren sareak 2014an egin zuen hausnarketaren haritik abiatu zen Aterabidetik proiektua. Izan ere, herritarren gehiengoak dispertsio politikaren amaieraren aldeko jarrera zuela sentitzen zuten, eta herri gisa jarrera hori publikoki islatu behar zutela ebatzita, Ispilue (2015) izeneko egitasmoa jarri zuten martxan; Espainiako eta Frantziako gobernuen iniziatiba faltaren aurrean, herritarrek eurek urratsak egin behar zituztela ikusi baitzuten.

Prozesu sozial horrek hausnarketa sakon eta interesgarria egiteko aukera eman zien, eta dispertsio politikak egunerokoan eragiten dituen errealitate ezberdinak aurkeztu zizkieten herritarrei Erradiografiak argitalpenaren bidez.

Lehen tresna horren ostean, eta ikus-entzunezkoek eskaintzen dituzten aukerak baliatuta, Aterabidetik izeneko film laburra garatu dute orain, euskal presoen senide eta lagunen testigantzak euskarri eta hizkuntza berri batera egokituz. 25 gernikarrek baino gehiagok hartu dute parte Jon Rementeriak eta Ibon Meñikak gidatu duten filmean, eta puzzle moduan, fikzio bat, reality bat, elkarrizketa bat, eta hainbat sentipen pildora txiki uztartu dituzte.

Lanaren helburua dispertsio politikak eragindako errealitateak ikusaraztea da, eta bide batez, konponbiderako lanabes lagungarri izatea, une gogorrak bizitzen jarraitzen duten horien sentipenak partekatuta.

Non ikusi

Lana otsailaren 10ean estreinatu zuten Gernikako Lizeo Antzokian, eta aretoa erabat bete zen. Uneotan, online ikusgai dago Sare Gernika-Lumoren atarian, eta datozen hiletan hainbat herritan aurkezteko asmoa dutela azaldu dute egileek, nahiz eta oraindik datak zehazteke egon.

Aterabidetik-Aurkezpena-Zinea-03