Irudien ahalmen eta indarraz baliatuko da aurten ere Giza Eskubideen Zinemaldia, hainbat herrien auzietara begira jarri eta errespetuzko baloreak transmititzeko.  Martxoaren 31tik apirilaren 7ra bitartean egingo dute jaialdia, 27 herrialdetako 30 film luzek, 24 luburrek eta beste zenbait emanaldik osatuta. Aurtengoa, gainera, ospakizunerako edizioa izango da, hamabostgarren urteurrena beteko baitu erakustaldiak.

Giza-Eskubideen-Zinemaldia-Egitaraua--01Askotariko gaiak landuko dira filmen proiekzio, zein paraleloki Donostian izango diren aurkezpen eta solasaldietan. Horietariko bi nabarmendu nahi izan dituzte antolatzaileek jaialdiaren aurkezpenean: gizartea Europa garaikidean eta emakumeen jazarpena. Lehenengoari dagokionez, Mohamed Diab zuzendari egiptoarrak zuzendutako Clash filma izango da ikusgai inaugurazio ekitaldian. Europako krisi humanitarioaren abiapuntu jotzen den Udaberri Arabiarraren loraldia jarriko du auzian Diabek. Horrez gain, Boiling Point finlandiarrak eta The Wait daniarrak ere gai bera jorratuko dute, eskuin muturreko mugimenduen indartzearen ikuspegitik lehenengoak, eta asilo burokraziaren borrokaren talaiatik, bigarrenak.

Emakumeen jazarpenaren gaiari eutsi, eta taldeko bortxaketen gaira hurbilduko gaitu Anatomy of Violence lanak. Filmaren zuzendari den Deepa Mehta zinegileak jasoko du aurtengo Giza Eskubideen Saria eta, beraz, lanaren aurkezpen saio berezia iragarri dute antolatzaileek. Tradizio eta estereotipoei aurre egiteko erakutsi duen jarrera “arriskutsu, ausart eta probokatzailea” saritu nahi izan dute ente arduradunek, “erantzun tinkoetatik bakarrik iritsiko baita erruaren, beldurraren eta gorrotoaren diskurtsoak gainditzeko indarra”. Izen handiko zuzendari bilakatu da Deepa Mehta azken hamarkadetan egin izan dituen filmen tematika gogor eta bortitza dela eta. Bere sorlekua den India eta bertako errealitate latza izan ohi dira bere lan gehienen protagonistak.

Emakumezkoen gaia landu eta “emakume oroigarrien” oroimenak pantailaratuko ditu zinemaldian euskaraz ikusgai izango den film bakarrak, Iban Gonzalez zuzendariaren Ama, nora goaz?  lanak, hain zuzen. Lehiaketatik kanpoko parte hartzea izango du, eta aparteko solasaldia eskainiko zaio. Gonzalez zuzendaria bera, Lore Albizu protagonista eta Joseba Esnal, Albizuren semea eta oroimen historikoan aditua, izango dira saioko partaideak.

Zine aretoetatik kanpo

Zine areto eta kultur etxeetan egingo dituzten zikloez gain, giza eskubideei lotutako beste hamaika ekitaldi egingo dituzte hiriko hainbat tokitan, film osteko solasaldiak eta haur eta gaztetxoentzako saioak, kasu. Aurreko edizioetan bezala, helburu hezitzaile eta didaktikoarekin programatutako saioak izango dira, filmetan agertzen diren baloreetan sakontzeko.

Bestalde, Bring the Sun Home filmaren emanaldia eta, ondoren, mahai-ingurua antolatu dituzte Donostiako Espetxean. Proposamak kultur ekimenetatik baztertuta dauden kolektibo horiei eskuragarritasuna, eta, bide batez, ikusgarritasuna, ematea du helburu.