Martxoaren 27tik 31ra luzatuko da Filmo Luego Edito ekoizpen etxe gaztearen Ziren laburraren errodajea. Proiektua aurrera ateratzeko crowdfunding kanpaina jarri dute abian Verkami plataforman, eta 800 euroko jomuga zehaztu dute ekoizpen gastuei aurre egin ahal izateko. Olatz Ganboa, Mikel Losada eta Adrian Garcia de los Ojos aktoreek hartuko dute parte etorkizuneko Bilbon girotutako zientzia fikziozko lanean.
Aitzol Saratxaga (zuzendari eta gidoilaria), Iker Etxebarria (argazki zuzendaria) eta Antxon Notario (arte zuzendaria) dira Ziren proiektuaren sortzaileak, eta Violeta Trincado (zuzendari laguntzailea) eta Oihane Garcia (ekoizle elkartua) klasekideak, zein Mikel Roman (kamera operadorea) laguna batu dituzte proiektura. Gradu amaierako lan gisa aurkeztu nahi dute laburra, eta 2017ko uztailean estreinatzea da asmoa.
Carol da filmeko protagonista. Etorkizuneko Bilbon bizi da, eta oraindik ez du mutil-lagunaren galera gainditu. Sendagile batek, metodo esperimental baten bidez, bikotekidea berpiztuko duela aginduko dio, eta Carolek aurrera egin ala ez erabaki beharko du.
Olatz Ganboa, Mikel Losada eta Adrian Garcia de los Ojosek gorpuztuko dituzte filmeko pertsonaia nagusiak, eta errodajea Bilbon bertan egingo dute, martxoaren 27tik 31ra. Materiala alokatzeko eta errodajeko gastuei aurre egiteko, baina, 800 euro behar dituzte, eta proiektua Verkami plataformaren bidez finantzatzea ebatzi dute. Ekarpenak egiteko epea apiril amaieran bukatuko da.