Nantesko Festival du Cinéma Espagnol jaialdiaren 27. edizioa gaur bertan, martxoak 22, abiatuko dute. Sail lehiakorretan bederatzi euskal filmek hartuko dute parte, eta Eusko Jaurlaritzak sortutako La Fenêtre Basque zikloan beste lau lan izango dira ikusgai.

Nantesko-Zinema-Espainiarraren-Jaialdia-Zinea-02Jaialdian aurkeztuko dituzten 70 filmetatik 24 Euskal Herrian ekoizitako lanak izango dira, film labur zein luzeak, fikzioak eta dokumentalak. Daniel Calparsororen Cien años de perdón (2016) thrillerrak zabalduko du, esaterako, jaialdia gaur bertan, eta apirilaren 2an Donostiari buruzko hamabi film laburrek osatutako Kalebegiak (2016) lan kolektiboak itxiko du festibala.

Sail ofizialean Pedro Aguilar donostiarraren Demonios tus ojos (2017) lehiatuko da; Opera Prima onenaren kategorian Alberto Vázquez eta Pedro Riveroren Psiconautas, Los niños olvidados (2015) animaziozko lana eta Koldo Almandozen Sîpo Phantasma (2016) dokumentala; eta dokumentalen sail lehiakorrean Justin Websterren El fin de ETA (2017), Mikel Ruedaren Nueva York. Quinta planta (2016), eta Leire Apellanizen El último verano (2016).

Gainera, film laburren kategoria ofizialean aurkeztuko dituzten sei lanetik hiru Euskal Herrian ekoitzitakoak izango dira: Alberto Vázquezen Decorado (2016), Kepa Sojoren Hileta (2016), eta Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren Renovable (2016).

Euskal zinemaren leihoa

2001ean Eusko Jaurlaritzak sortu zuen La Fenêtre Basque zikloan, aipatutako lanekin batera, beste lau ere eskainiko dituzte: Koldo Serraren Gernika (2016), Hannot Mintegiaren Gernika. Markak (2016), Iratxe Fresnedaren Irrintziaren Oihartzunak (2016) eta Juan Barreroren Chillida: Esku Huts (2016). Eta film laburren atalean, lehian ariko diren hiru lanekin batera, beste bost ere emango dituzte: Mikel Ruedaren Caminan (2016), Nemesio Sobrevilaren Guernika (1937), Mirentxu Loyarteren Ikuska 12 (1981) eta Irrintzi (1978), eta Pedro Olearen Ikuska 2 (1979).

Gernikako bonbardaketari tarte berezia eskainiko diote aurten aipatutako hiru filmen emanaldiekin, eta hainbat euskal ordezkari bertaratuko dira, hala nola, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea eta Miren Arzalluz Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria.

Honenbestez, ohi bezala, euskal eta Euskal Herrian egindako zinemagintzak parte hartze zabala izango du Nantesko zinemaldiko 27. edizioan.