Aste honetan, Pepa San Martin zuzendari txiletarraren Rara pelikula estreinatuko da gure zinemetan. Filma Karen Atala epaileari gertatutako istorioan oinarritua dago. Bere alaben kustodia galdu zuen Atalak, senar ohiak, elkarrekin zituzten alabentzat, bikote lesbiana batekin bizitzea kaltegarria zela argudiatu baitzuen. Filmak egoera horren salaketa egingo du, eta bikote homosexualak guraso izan daitezkeela aldarrikatuko du.
San Martinen filma Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean eskaini zuten, eta Sebastiane Latino saria jaso zuen, LGTBI kolektiboaren aldarrikapenak defendatzen dituen pelikula latinoamerikar onenari urtero ematen zaion saria. Gainera, 2016eko Berlinalen ere eskaini zuten, eta bertan, Generation Kplus saileko irabazlea izan zen.
Pelikulako protagonista Sara nerabea da. Bere etxean gauzak aldatu egin dira: ama beste emakume batekin dabil, jada ez da bere aitarekin bizi, eta ahizparekin ia egunero haserretzen da. Sararen aitak alabak berarekin bizi daitezen nahiko du, eta pixkanaka neskato zaharrena konbentzitzen saiatuko da.
Filmak gizarte txiletarraren homofobia salatu nahi du. San Martinen pelikulak egoera modu oso burutsuan islatu du, istorioa modu samurrean kontatzen duelako. Bi emakumek osatutako familia baten normalizazioa erakutsi nahi du, eta bigarren plano oso garrantzitsuan geratu da salaketa, hau da, Txilen bizi den homofobia. Pelikulan ez da ageri, baina Karen Atala epaileak helegitea jarri zion kasuari eta, azkenean, justizia txiletarrak arrazoia eman zion.
Azken boladan Txilen ekoitzitako film ugari heldu dira gurera. Horren errudunetako bat Pablo Larrain da. Donostiako Zinemaldian inoiz baino zine txiletar gehiago ikusi nuen iaz, eta esan beharra dut, ikusitako hiru filmek LGTBI gaiak jorratzen zituztela. Rara jaialdian ikusi nituen filmen artean, gustukoenetako bat izan zen, eta biziki gomendatzen dut.
Azpimarragarria da filmeko zuzendaria emakumea dela, gidoia bi emakumeen artean idatzi zutela, eta filmeko protagonistak ere emakumeak direla. Argazkia, musika eta soinua soilik utzi dute gizonen esku. Horregatik, filmak bi aldarrikapen egin nahi dituela uste dut: alde batetik, LGTBI kolektiboaren eskubideak eta, bestetik, emakumeen ikusgarritasuna.