Gaizka Arangurenek (Iruñea, 1973) 2009an sortu zuen Labrit ekoizpen etxea, aurretik, kazetari lanetan EiTBn, Pamplona TVn eta Berrian, besteak beste, aritu ondoren. Ondare inmaterialaren bilketa, kudeaketa, azterketa eta transmisioaz arduratzen dira bertan, eta dokumentalgintzan sakondu dute azken urteetan.

Komunikatzaile ekintzailea da Aranguren; dozenaka proiektutan jarri ditu indarrak eta aurrera atera zitezen gogor egin du lan. 2009az geroztik, nagusiki, Labrit ekoizpen etxearen bidez jardun du lanean, lekuan lekuko transmisioa egiteko helburuarekin. Aspaldidanik omen zegoen tematuta imaginario kolektiboarekin, “partekatzen ditugun erreferenteek osatzen baitute imaginario kolektiboa”.

Lan erritmo azkarrak ezaugarritzen ditu. Otsailean, adibidez, hiru dokumental estreinatu zituzten: Ni Arga, ibaiei buruzko zazpigarren dokumentala; Lander Garrok zuzendutako Lekarozko kolegioari buruzko bigarren bat; eta Lakuntzako herritarrei buruzko Lakuntzatik Lakuntzara dokumentala. Arangurenen hitzetan, “nahiago ditugu txitxirioak egin, ezkontza tartak egitea lan arriskutsua baita” (dokumentalen nolakotasunaz ari da).

Uneotan, halaber, intsumisioari buruzko lan mardula dute esku artean. Gaizkak berak hartu zuen parte 80ko hamarkadan abiatutako mugimenduan, eta irabazi egin zutela aldarrikatu nahi du orain, armadekin ez, baina soldaduskarekin amaitu zutelako: “Eta hori aldarrikatu beharra dago, izan ere, gaur egungo gazteek ez dakite garai batean soldaduskara joan beharra zegoela”.