Klima aldaketaren aurkako Bizi! kolektiboak eta Ipar Euskal Herritik Frantzia osora hedatu den Alternatiba mugimenduak 2015ean Parisen egin zuten COP21 Aldaketa Klimatikoari buruzko Goi-bileraren harira dozenaka aldarrikapen ekintza burutu zituzten; guzti horiek biltzen dituen dokumentala osatu dute Pascal Hennequin eta Sandra Blondelek, Irrintzina izenekoa. Ekainean gurera helduko da lana.

Irrintzia-Dokumentala-Zinea

Lau hilabetez, Baionatik Parisera bizikletan egindako bidaia; petrolio enpresen goi-bileraren aurkako mobilizazioa; indarkeriarik gabeko ekintzak Frantziako dozenaka bankutan, zergen ihesaren aurka; hitzaldiak, tailerrak, festa herrikoiak, jaialdiak, manifestaldiak… Klima-aldaketaren aurkako jarrera aktiboa eta bakezalea aldarrikatzen duen eta Alternatiba mugimenduaren bidez eragin eremua Frantzia osora zabaldu duen Bizi! talde baionarrak denetariko jarduerak antolatu ditu 2013az geroztik, energia-krisiari eta klima-aldaketari erantzun erreal eta zuzen bat emanez.

Pixkanaka abiatu zuten mugimendua, 2015ean Parisen egin zuten COP21 Aldaketa Klimatikoaren Goi-bilera jomugan, eta gizarteak berehala erantzun zuen, ekimenekin bat eginez eta protestak masan burutuz, eta Frantzia osora ez ezik, nazioartera ere zabaldu zen haien kezka-deiadarra.

Emanaldiak

Bada, ekintza horiek guztiak eta izandako ondorioak biltzen dituen dokumentala osatu dute Hennequin eta Blondelek, eta iragan ostiralean Marseillan estreinatu zuten lana. Sekulako arrakasta izan zuen emanaldiak, jende ugari aretoaren kanpoan geratu baitzen, sartu ezinik.

Bi zuzendariak Euskal Herrian izango dira ekainaren 9tik 18ra, eta oraindik data, leku eta ordu zehatzik ez duten hainbat emanaldi egingo dituzte gurean. Konfirmatuta dagoen bakarra, oraingoz, hilaren 9koa da, Baionako L’Atalante zinemagelan.

Gainera, filmari euskarazko azpidatziak jarriko dizkiote, eta asmoa Hego Euskal Herrira ere eramatea da.