Beauty and the Beast (La bella y la bestia)

Disney etxearen Ederra eta Piztia klasiko arrakastatsuaren hezur-haragizko egokitzapena aste honetan helduko da mundu osoko zinemetara. Bi protagonistak Emma Watson eta Dan Stevens aktore britainiarrek antzeztu dituzte, eta haiekin batera Luke Evans, Ewan McGregor, Kevin Kline eta Stanley Tucci aktoreak, besteak beste, aritu dira lanean Bill Condonen gidaritzapean. Sorginkeria baten menpe, basoko gazteluan ezkutatuta bizi da Piztia, eta Ederrak, bere aita salbatzeko, preso hartu dezan onartuko du. Aurreiritziak alboratzen eta barne edertasuna balioan jartzen, itxura fisikotik haratago, erakutsiko digu filmak. Irrika handiz esperotako ekoizpenak guztion itxaropenak aseko dituelakoan gaude.

Grave (Crudo)

Frantziatik, berriz, goretik eta terroretik asko duen filma datorkigu. Julia Ducournau zuzendariaren lana nazioarteko hainbat jaialditatik igaro da jada, eta sari potoloak jaso ditu Cannes, Toronto, Sitges, Londres eta AEBetan. Filmeko protagonistak, Justinek (Garance Marillier), hamasei urte ditu eta ikasle bikaina da. Barazki-jalea da, familia osoa bezala, baina Albaitaritza ikasten hasiko da, eta berehala haragia jatera behartuko dute. Pixkanaka, obsesionatzen hasiko da, egunero haragi gordina jaten amaituko duen arte. Irudi bortitz eta odoltsuz jositako film indartsua, apustu estetiko hori amaierara arte defendatzen duena.

https://www.youtube.com/watch?v=TElJs93LLs8

La pazza gioia (Locas de alegría)

Italiatik, aldiz, Paolo Virziren lan berriena helduko zaigu: La pazza gioia komedia dramatikoa. Villabiondi psikiatrikoko bi emakume dira protagonista. Bata, Beatrice (Valeria Bruni Tedeschi), kondesa berritsu eta diruduna da, eta bestea, Donatella (Micaella Ramazzotti), gorputza tatuaturik duen emakume gazte misteriotsu eta itxia. Elkarrekin lagunarteko abentura zirraragarria biziko dute psikiatrikotik ihes egin ostean. Lanak film onenaren Urrezko Espiga saria, ikusleen saria eta emakumezko aktore onenarena jaso zituen iazko Seminci jaialdian.

Imperium

Gertaera errealetan oinarritutako filma, AEBtako talde neo-nazietan infiltratu zen Michael German (Daniel Radcliffe) gaztearen bizitzari buruzkoa. Zurien gailentasunean sinisten zuten talde erradikalek bonbak eta erasoak erabili nahi izan zituzten kaosa eragiteko. Daniel Ragussis zinegilearen bigarren film luzea da, eta nazioarteko adituek kritika onak egin dizkiote.

The Hollars

AEBtako zinema independentearen baitan kokatutako film atsegin eta ederra. Artista izan nahi duen John Hollar gaztea New York hiria eta haurdun dagoen emaztea utzi eta sorterrira itzuli beharko da, gaixo dagoen amari eta sendi osoari laguntzeko. Egoera asko aldatu da bertan, eta pixkanaka, anaiarekin, aitarekin eta amarekin moldatzen ikasi beharko du, guztiek aurrera egiteko. Sundance, Los Angeles eta Bostongo zinema jaialdietatik, tartean, igaro den John Krasinskiren lanak une komiko eta hunkigarriak uztartuko ditu.

Incerta glòria

Ibilbide oparoa duen Agustí Villaronga Mallorkako zuzendariak Joan Sales idazle katalanaren eleberriaren egokitzapena dakar. Drama erromantikoa, 1937ko Gerra Zibilean oinarrituko da, Aragoiko frontean. Lluis (Marcel Borràs) izeneko gazte errepublikarra basamortu tankerako ingurunean dagoen postu batera bidaliko dute, eta bertan, alargun dagoen emakume batekin (Núria Prims) maiteminduko da. Lluisek emakumea konbentzituko du dokumentu faltsu batzuk egiteko.

Ismach Hatani

Jerusalemgo komunitate ortodoxoaren sinagogak emakumeei eskainitako balkoi bat izango du. Egun batetik bestera eroriko da, eta andrazkoek eraikinaren barruan zuten berezko lekua galduko dute. Baina okerrena ez da hori izango: haien usteen aurka, eraikina konpontzerako orduan, ez dute balkoia berregitea aurreikusiko. Emil Ben-Shimon israeldarraren komedia dramatikoa.

Auf Safari (Safari)

Austriatik Afrikara jirafa eta zebrak ehizatzera joaten diren bidaiarien inguruko dokumentala osatu du Ulrich Seidl zinegileak, ekintzaren inguruko ahal beste xehetasun bildu eta pertsona horien jarrera ulertzeko.