Orain aste batzuk, halabeharrez, lerro hauek idaztera bultzatu ninduen dokumental bat iritsi zen nire eskuetara. Shin Sang-ok zine zuzendariari, Choi Eun-hee aktoreari eta Ipar koreako Kim Jong-il diktadoreari buruzko istorio harrigarri bat kontatzen duen The Lovers and The Despot (Maitaleak eta Despota, Ross Adam eta Robert Cannan, 2016). Choi Eun-hee eta Shin San-ok, bikote izateaz gain, herrialdeko zazpigarren artearen erreferentzia nagusiak ziren, 70eko hamarkadan, zinema nazionala propaganda tresna gisa sustatzeko asmoz, Ipar Koreako diktadurak bahitu zituen arte.

Zinemak eskaintzen zituen aukerekin eta ematen zuen boterearekin erabat liluratua zegoen Kim Jong-il-en kontrolpean, hamazazpi film inguru grabatu zituzten.  Dokumentalak, beraz, erabat hermetikoa den herrialdearen eta zinemaren arteko harremana ezagutzera bultzatu ninduen.

Zaila da jakitea zehazki zenbat film ekoitzi dituzten Ipar Korean. Interneteko hainbat datu basetan miatuta, 90eko hamarkadara arte, urtean 80 lan inguru egiten zituztela dirudi. BBC kateak argitaraturiko txosten batek, aldiz, 2001ean kopurua 60 ingurura jaitsi zela dio. Webgune ugari arakatu ditut, baina oso zaila egin zait informazio eta datu zehatzak aurkitzea.

Ipar-Korea-Gaizka-Izagirre-The-Lovers-and-The-Despot-02

Dena den, kopurua alde batera utzita, zinema zertarako erabiltzen hasi ziren aztertzea iruditzen zait interesgarriena, zazpigarren artea “lider handia” gurtzeko eta ideologia zabaltzeko helburuarekin egiten hasi baitziren. Hainbat filmetan, adibidez, Kim Il-sung ageri da Koreako gerratea irabazten. Hala, fikzio hauek guztiek Ipar Koreako benetako izarra azaleratu zuten, Kim Il-sung-en seme Kim Jong-il zinezale amorratua. Diotenez, Kim Jong-il-en filmotekan 30.000 lanetik gora zeuden, eta zinemak tresna propagandistiko gisa duen botereari buruz hainbat liburu idatzi zituen. Zaletasun neurrigabe horrek, 1978an aipaturiko  bahiketa sinestezina egitera bultzatu zuen. 70eko hamarkadan milaka film errodatu zituzten bere estudio erraldoietan, eta gaur egun, 100 zuzendari inguru ari omen dira lanean, urtero, batez beste, hamar film ekoizten. Koreako estudio zinematografikoen sarreran (Pyongyang iparraldean), Kim Il-sung-en brontzezko eskultura erraldoi bat ikus daiteke, inguruan, aktore batzuk begira dauzkala.

Ipar-Korea-Gaizka-Izagirre-Pyongyang-Zinea

Pulgasari

Kontrol eta bahiketa horren baitan, film ezagunena, ziurrenik, Pulgasari da. Zientzia fikzioa eta akzioa uztartzen dituen lana Shin Sang-ok-ek zuzendu zuen, eta 1985an estreinatu zuten Ipar Korean. Godzilla film Japoniar ezagunaren oso antzekoa dela esan liteke. Ekoizpena Kim Jong-il-ek gainbegiratu zuen, eta bere izena tituluetan azaltzeko baldintza ezarri zuen. Estren artean, gainera, bere armadako 10.000 soldadu ageri dira.

Ipar-Korea-Gaizka-Izagirre-Pulgasari-Zinea

The Flower Girl

Ipar Koreako bigarren film ezagunena. Kim Jong-il-en aitaren testu politiko-filosofokoetan oinarrituta dago, eta inperialista Japoniarren okupazioa du aztergai. Protagonista Koppun da, gaixo dagoen amari sendagaiak erosteko, merkatu batean loreak saltzen dituen emakumea. Anaia matxinada mugimenduari batu ostean, Koppun-ek ere gauza bera egingo du, Kim Il-sung “lider handiaren” zuzendaritzapean, noski. Helburua atzerriko okupatzaileak kanporatzea izango da.

Ipar-Korea-Gaizka-Izagirre-The-Flower-Girl-Zinea

Aktoreak eta egungo egoera

Filmak aipatu ditut, baina aktoreena ere kontu nahiko xelebrea iruditzen zait.  Antzezle gehienak Pyongyang-go Arte Dramatiko eskolan prestatzen diren arren, propaganda makineriak ezin hobeto funtziona dezan, atzerriko aurpegiak filmetan txertazea ere garrantzitsua iruditu izan zaie liderrei. Faboritoak ipar amerikarrak dira, gaizkileen paperak gorpuzteko aproposenak. Gehienak aktore negargarriak dira, noski, baina haiei bost axola! Ezagunenak Charles Jenkins, Larry Abshier, Jerry Parish eta James Dresnok izan dira. Jenkinsek, urte batzuk geroago, “sekula egin duen gauzarik inozoena” dela aitortu zuen, baina Dresnokek bertan jarraitzen omen du, eta Arthur bezala ezagutzen dute (bere film ezaguneko protagonistaren izena).

2011n boterera iritsi zen Kim Jong-un-i buruz, ordea, ez da filmik ezagutzen, eta badirudi ez duela bertako zinemarekiko interes handiegirik erakusten. Bitxikeria moduan, kanpotik datozen sinbolo gehienek zentsuraren menpe jarraitzen duten arren, Ipar Koreako liderraren salbuespen harrigarrien artean, Disney faktoriaren filmak aurkitzen omen dira. Mickey Mouse ala Dumboren irudiak, adibidez, erregimenak antolatutako hainbat ekitalditan ikusi ahal izan dira.