Zinea eta Ganbara egitasmoak EHUn aurkeztu ditugu

Kazetaritza eta Ikus-entzunezko Komunikazioa euskaraz ikasten ari diren 3. mailako ikasleek Zinea hedabidea eta Ganbara datu-basea ezagutzeko eta proiektuen inguruko zalantzak argitzeko tartea izan dute gaur, martxoak 10, Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioako Campuseko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko auditorioan egin dugun aurkezpenean.

EHU-Aurkezpena-01-txiki

Proiektuen hartzaile zuzenak direlako eta haien egunerokoan tresna gisa oso erabilgarriak izango zaizkielako, euskarazko eta euskal zinema aztergai dituzten Zinea hedabide eta Ganbara datu-base digitalak aurkezteko saioa egin dugu gaur Leioako Campusean. Maialen Goñi Zinea atariko arduraduna eta Ines Arrue Ganbara datu-baseko kudeatzailea izan dira aurkezpenean. Zinearen sorrera, ibilbidea eta egun eskaintzen dituen zerbitzuak zeintzuk diren azaldu diete ikasleei, baita Ganbaran zein motatako informazioa topatuko duten eta nola bilatu ere.

Aurkezpenak proiektuen zabaltze-prozesuari erantzuten dio, unibertsitateko ikasleentzat etekin handiko baliabideak direla sinetsita baikaude. Hala, datorren astelehenean, martxoak 13, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean izango gara, Aretxabaletan, Ikus-entzunezko Komunikazio ikasketak egiten ari diren gazteekin.

EHU-Aurkezpena-03-txiki