Gaur, martxoak 8, hasi eta larunbatera bitarte, Rencontres sur les Docks jaialdia egingo dute Baionako Atalante zinegelan. Ekitaldiaren 13. edizioa izango da, eta besteak beste, 63. Donostia Zinemaldian estreinatu zuten Sagardoa bidegile (Bego Zubia Gallastegi, 2015) dokumentala izango da ikusgai.

Atalante zinegelak Euskal Kultur Erakundearekin elkarlanean antolatzen du Rencontres sur les Docks izeneko kultur jaialdia. Ikastaroak, kontzertuak, proiekzioak eta askoz gehiago eskainiko dituzte asteazkenetik larunbatera, tartean, hainbat euskal ikus-entzunezko.

Martxoaren 9an, osteguna, esaterako, Sagardoa bidegile dokumentala proiektatuko dute 18:30etik aurrera, sagardoaren sortze prozesu osoan zehar bidaia egiteko aukera eskaintzen duen lana.

Ostean, 21:00etan hasita, Joserra Senperenea eta Ignacio Bilbaok musika jarriko diote Koldo Almandozen Sipo Phantasma (2016) dokumental bereziari. Noraezean joango den itsasontzi bat, emakume misteriotsu bat, eta zinemako banpiro bat. Horiexek Almandozen lan arrakastatsuko osagai nagusiak.

Ostiralean, ordea, lau euskal film labur proiektatuko dituzte 18:30etik aurrera: Koldo Almandozen Hubert Le Blonen azken hegaldia (2014), Jose Mari Goenagaren Renovable (2016), Isabel Hergueraren Burko azpian (2012), Las Chicas de Pasaik kolektiboaren Gure Hormek (2016) eta Alejandro Díaz Castañoren Ihesa (2016). Filmok Euskadiko Filmategiaren Kimuak katalogoan egon dira azken urteetan.

Larunbatean, azkenik, 21:15ean hasita, film laburren maratoia egingo dute, jaialdia borobiltzeko.

Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, kontsultatu jaialdiaren ataria.