El-guardian-invisible-Kritika-Zinea-02Zuzendaria: Fernando González Molina

Urtea: 2017

Herrialdea: Espainia

Nerabe baten gorpua aurkitu dute Baztan ibaiaren bazterrean, Nafarroan. Hilabete batzuk lehenago hilda aurkitutako beste neska baten heriotzarekin lotuko dute, eta Amaia Salazar inspektoreak (Marta Etura)  hartuko du ikerketaren ardura. Elizondora, bere jaioterrira, itzuli beharko du kasua argitzeko, eta haurtzaroko pasarte eta oroitzapen ilunak etorriko zaizkio burura. Hala, iraganeko mamuak eta Baztan bailarako sineskeriak bidaide, hiltzailea harrapatzeko eginbeharrari ekingo dio, hilketa gehiago saihesteko helburuarekin.

Liburua eta filma alderatzeko ohitura aspaldikoa da, pantaila handirako egindako lehen egokitzapena egin zutenetik; Le voyage dans la lune pelikulak (Georges Méliès, 1902) omen du ohore hori, zinemaren historiako zientzia-fikziozko lehen lan gisa ere ezaguna dena. Hain zuzen ere, Jules Verne eta Herbert George Wells idazleen bi liburu ditu oinarri.

Hain zuzen ere, alderaketa egitea ariketa saihestezina da, liburua pelikula ikusi aurretik irakurriz gero bereziki. Bi lanak bereizteko prest hurbil gaitezke zinema aretora, baina asmo hori bazterrean utzi ohi dugu berehala, buruak alderaketara jotzen duelako, gure borondatearen kontra bada ere. Honela gauzak, epai bat ematea ere saihestezina egiten zaigu, eta horrela izanik, iritzia emateko garaian, filma galtzaile irtetzen da ia beti. Zentzu honetan, Fernando González Molinaren pelikula ez da salbuespena: Dolores Redondoren liburua gomendatuko nuke; filma, ordea, ez.

Egia esan, liburua existituko ez balitz, pelikulak ere ez ninduke asebeteko. Ez da alderaketa kontu bat bakarrik, sinesgarritasun kontu bat ere bada, eta ez naiz Basajaunen kondairari buruz hitz egiten ari. Serie hiltzaileei buruzko thrillerretako topikoak nonahi ikus daitezke, elkarrizketetan zein eszenografian, aktoreak behartuegiak ikusi ditut eta tramak berak ez du beharko lukeen bezain beste hunkitzen, jorratzen duen familia arazoa kontutan hartuta. Istorioari izaera propioa falta zaiola esango nuke, Baztango lokalizazio aztoragarrietatik harago. Hori bai, liburuari buruz iritzi bera dut, baina, kasu horretan, idazleak gehiago sakondu du pertsonaietan, ikerketan eta trama beran, eta hau guztia balio erantsi bat da arreta mantentzeko.

Bistan da alderaketa sindromeak ez diola mesede egiten pelikulari, baina filmaren gabeziak horretara mugatzea sinplistegia litzateke. Hori bai, denak ez dira albiste txarrak González Molinarentzat. Izan ere, beste sindrome batek salbatu ahal du bere lana; Estokolmoko sindromea, alegia, Euskal Herriko ikusleei dagokienez batez ere. Beste neurri bat erabili ohi dugu aurpegi eta leku ezagunak epaitzeko, objektibotasunaren kalterako izan arren, eta ate horretatik, agian, etor daiteke laudorioa.