Donostia Zinemaldian egiten duten Zinema Eraikitzen sailak Latinoamerikako film luzeen ekoizpena amaitzen eta nazioartean zabaltzen laguntzeko helburua du. Cinelatino, Recontres de Toulouse festibalarekin elkarlanean antolatutzen dute, eta ekimenaren 31. edizioan ikusgai izango diren lanak aukeratu dituzte jada.
Hamazazpi herrialdetako 198 filmek eman dute izena aurtengoan, eta Donostiako eta Toulouseko batzordeek sei film hautatu dituzte. Lanak Argentinatik, Brasildik, Venezuelatik eta Txiletik heldu dira. Martxoaren 23an eta 24an Toulouseko jaialdian eskainiko dituzte, eta ondoren, Donostia Zinemaldiko 65. edizioan izango dira ikusgai.
Filmen zerrenda:
Jazmines en Lídice, Rubén Sierra Salles (Venezuela – Mexiko)
Venezuelan girotutako ama baten eta haren bi alaben inguruko kontakizuna. Merche amak Raúl semearen hutsa sentituko du, indarkeriaren erruz galdu zuen semea. Bi alabak ama auzotik joan dadin konbentzitzen saiatuko dira.
Marilyn, Martín Rodriguez Redondo (Argentina – Txile)
Marcos, hamazazpi urteko laborantzako beharginak, homosexuala dela jabetuko da. Herriko beste batzuek Marilyn goitizena jarriko diote orduan. Marcos geroz eta itoago sentitzen hasiko da, eta espetxean amaituko du.
Meio Irmao, Eliane Coster (Brasil)
Sandrak hamasei urte ditu, eta duela egun batzuk desagertu zen amaren bila ari da. Denborak aurrera egin ahala, arazoak pilatu egingo zaizkio, eta Jorgeren laguntza eskatu beharko du, nahiz eta ez duen gehiegi ezagutzen. Jorgek segurtasun kamerak instalatzen dituen enpresa batean egiten du lan.
La novia del desierto, Cecilia Atán, Valeria Pivato (Argentina – Txile)
Teresak etxeko langile moduan jardun du dozena bat urtez Buenos Airesen. Baina familiak etxea saltzea erabakiko du, eta beste lan bat onartu beharko du, etxetik urrun. Ez da bidaia zalea, eta desertuan poltsa galduko du, bere ondasun guztiekin.
Los perros, Marcela Said (Txile, Frantzia, Argentina, Portugal, Alemania)
Mariana emakume burges xelebrea da. Pedro senarra arkitektoa da, baina lan gehiegi egiten du, eta bien arteko harremana hausten ariko da. Marianak Juanekin arinduko ditu penak, iragan iluna duen zaldiketa irakasle eta armadako koronel ohiarekin.
Temporada de caza, Natalia Garagiola (Argentina, Frantzia, AEB)
Nahuelek laster amaituko ditu institutuko ikasketak, eta 18 urte bete baino hiru hilabete lehenago, ama hilko zaio. Ondorioz, legeak behartuta, hamar urtez ikusi ez duen aitarekin bizitzera joan beharko du.