Iaz Tabakalerak, Donostia 2016rekin elkarlanean, ikerketa-artistikorako egonaldien deialdiaren bidez, Pablo La Parra Pérezek aurkeztutako Europa, Futuro anterior proiektua ekoitzi zuen.
La Parra Pérez frankismo berantiarrean eta trantsizio garaian sortutako kultura zinematografiko militantea arakatzen duen doktore tesia egiten ari da New Yorkeko Unibertsitatean (NYU).
Europa Futuro Anterior proiektuak bere interesekoa den kultura zinematografiko horretan jarri du arreta, eta programa publiko oparo eta interesgarri baten bidez, “60ko hamarkadako urte luzeetako” zine militantearen artxibora jo du garai hartan sortutako iruditeriaren inguruko ikerketa prozesu publikoa egiteko. Gogoeta prozesu publikoa ekintza ezberdinen bidez bideratu zuen 2016an zehar: proiekzio eta arte parte-hartze zikloa, nazioarteko solasaldia, ikus-entzunezko tailer parte hartzailea, eta nazioarteko artista, zinegile eta pentsalarien ardurapeko lan argitaragabeak on-line argitaratzea.
Pasa den astean, azken atal horren baitan, bi ekoizpen berri argitaratu zituzten webgunean: Virginia Garcia del Pinoren Improvisación#2 eta Arantxa Santesteban eta Irati Gorostidiren Euritan filmak. Horren ezberdinak diren bi lanok, gainera, elkarren arteko kontraste horren bidez dialogatzen dute.
Improvisación#2 irudien gaineko irakurketa inprobisatu gisa aurkezten da. Inprobisazio horren zuzeneko ikusle bakarra izan nintzen zuzendariarekin batera, izan ere, film osoan zehar entzuten den ahotsaren grabaketa egin nuen. Garcia del Pinok azken urteotako irudi hiperbisibilizatuen atzeko irudiak erakutsi dizkigu pieza honetan; politikoak jarraitzen dituzten kazetarien irudiak, hain zuzen. Beraz, filmak medioen paperean jartzen du harreta, medioek gaur egungo egoera politikoaren inguruan duten ardurarengan.
Gaurkotasunetik eta hiper-errealitate horretatik aldentzeko aurkeztutako zuri-beltzezko irudiak, are urrunagoko ahots batekin muntatu ditu egileak. Gainera, Josep Maria Esquirol filosofoari berak sorturiko irudien muntairi ahotsa jartzeko eskatu zion. Irudiak ikusten ari zen bitartean, gogoeta pertsonalak mikrofonoari esateko eskatu zion, ahots inprobisatu hori irudien gainean jartzeko.
Esquirolen ahotsak izugarrizko kontrasteak sortzen ditu ikusten dugunaren eta esaten duenaren artean. Momentu batean, ondorengoa dio: “… Batzuetan, politikarien mezua aztertzen bada, ezertxo ere esaten ez dutelako konturatuko gara”, eta une horretan, hedabide askotako kazetariak ageri dira pantailan, Pablo Iglesias inguratzen. Gaurkotasunaren balioa eztabaidan jartzen du, askotan esateko ezer ez duten politikoak jarraitzen dituzten ehunka kazetari ikusten ari garen bitartean.
https://vimeo.com/tabakalera/improvisacion2
Euritan pelikulak, ordea, egiazko alde marginal batetik politika egiteak zer suposa dezakeen gogorarazten digu. Badirudi Irati Gorostidiren eta Arantxa Santestebanen filmak politikaren benetako tokia zein den azpimarratu nahi duela.
Euritan lanaren hasierak, forma aldetik, Inprovisación#2 lanaren kontraplanoa dirudi. Hainbat emakumeren aurpegiek parean dituzten irudien aurreko erreakzioei erantzuten diete. Planotik kanpo dauden film zatiek, aurrerago pelikularen protagonista izango den Itxaro Bordak dioen bezala, emakumea eta honen bi alderdi (lana eta intimitatea) dituzte aztergai. Filma hor hasten dela esango nuke. Begiak eta belarriak prestatzen dizkigu emakumeen aurpegien hitzaurreak.
Baionako taberna bateko terrazaren planoak zabalduko du filma. Ondoren, diskursoaren prestakuntza dirudien plano batean, zuzendariak eta pertsonaiak hizketan jardungo dute; zeren inguruan hitz egin, testuaren zein zatiri heldu… Azkenean, Bordak maitasunarena aukeratuko du. Eta berriro tabernara joango gara. Hala, 80ko hamarkadako errelatoak gaur egungo tabernaren irudiarekin nagasiko dira. Pantailan bi emakume gazte azalduko dira hizketan, kontaketan bezalaxe. Iragana oraina bilakatuko da.
Bordaren ahotsak gazte, emakume, lesbiana, militante baten pentsamendua azalduko digu, eta Irati Gorostidik eta Arantxa Santestebanek gaur egunera ekarriko dute Klara eta Biok testuaren irakurketaren hausnarketa.
Euskal Herriko historia hurbilaren errelato marginal honen bitartez, Euritanek iragana beste modu batean begiratzera gonbidatuko gaitu. Abertzaleen egitura itxiarekin, aukera ezberdinak hartzeak zer suposatu zuen eta suposatzen duen agerian utziko du.
https://vimeo.com/205350943
Bi lanok beste lau lanekin batera ekoitzi dituzte Europa Futuro Anterior proiektuan: Pablo Gil Rituertoren Del abrazo, Evan Calders Williamsen Siete gestos de revuelta, Salomé Lamasen …Revueltas y rituales eta Daphné Hérétakisen Au Revoir.
La Parra Pérezentzat, atzera begiratzeaz gain, ekoizpen militante berriak sortzea eta horiek, bereziki, emakumeek sortutakoak izatea zen garrantzitsua, izan ere, 60ko hamarkadako artxiboak eta iruditeria oso maskulinoa baita.
Webgunea bisitatzea guztiz gomendagarria da, baina, are gehiago, martxoaren 17an 19:00tan Donostiako Azpi Kultur elkartera hurbiltzea, Euritan filma pantaila handian ikusi eta egileen konpainiaz gozatzeko.