Oskar Alegria (Iruñea, 1973). Kazetaria, zinegilea eta azken lau urteetan Punto de Vista Iruñeko Zinema Dokumentalaren Jaialdiko zuzendari artistikoa izan da. Festibalaren politika jarraiki, martxoan utziko du postua, XI. edizioaren ostean, eta horren aurretik, berarekin izan gara Baluarten, jaialdiaren egoitzan.

2013an Punto de Vista jaialdiko zuzendaritza artistikoaren ardura bere gain hartu zuenean, festibala krisialdian zegoela dio Alegriak, zaurituta, eta iragan lau urteotako lanari esker, gorakada nabaritu dutela; hain zuzen, inoizko ikusle gehien erakarri zituzten iaz, 8.000 inguru. Iruindar semea gustura aritu da lanean, “postuak alderdi polit asko baititu, baina orain, aurtengo edizioko leloari jarraiki, hegan egiteko gogoa dut”. Lau urteotako nekearen ostean, paradisu txiki bat bizi nahi du, eta dokumentalgintzari heltzea bere asmoen artean dela dio.

Gainera, aurtengo edizioa oso borobila izango dela nabarmendu du, eta jaialdian programatutako lanen artean, David Arratibel eta Aitor Gametxo euskaldunen sorkuntzak aurkituko ditugula gaineratu du. Jaialdia harrobi moduan ikusten du: “Harrobia zainduz gero, harribitxiak sor daitezke”.

Erreleboa hartuko dion zuzendariari, gomendio bat: “Jaialdiaren izpiritua mantendu behar da, baina zure perfumea gehituta”.