EKE Euskal Kultur Erakundearekin elkarlanean, Euskal Herriko gaiei buruzko filmak proiektatuko ditu Euskadiko Filmategiak martxoan zehar Tabakaleran. Ipar Euskal Herrira zuzenduko da begirada batez ere, hastapenetik hasita, Lumière anaiek Miarritzen egindako filmaketa batzuekin.

Frantzian, Suedian edo Ingalaterran ekoitzitako hamar film eskainiko dituzte martxoko lau ostegunetan. Emanaldiak 19:00etan hasiko dira, Tabakalerako 1 eta 2 zinema aretoetan, eta sarrerak 3,5 euroan eskuratu ahal izango dira. 18:30etik aurrera, leihatilan NAN erakusten duten 25 urtez azpiko gazteek sarrera doan izango dute.

basker-zinea-eus

Segidan, martxorako antolatu dituzten euskal gaien inguruko emanaldiak:

Martxoak 9. Aurkezpena: Frank Suarez

  • Rochers de la vierge: Lumière anaiek 1896an Miarritzen filmatutako minutu bateko proiekzioa.
  • Le chemin d’ernoa (Louis Delluc eta René Coiffard, 1921): Azkaingo eszenatoki naturalean filmatutako Dellucen lehen fikziozko dokumentala.
  • Au pays des Basques (Maurice Champreux, 1930): Euskal Herrian filmatutako lehen film soinuduna, non euskarazko hitzak entzuten diren estreinakoz film batean.

Martxoak 16. Aurkezpena: Oskar Alegria

  • Garazi, Jacques Krier (Jean-Claude Bergeret, 1959): Goi mendietako artzainen bizimodua erakusten duen filma: bakardadea, egurrezko teilatuak, irrintzi bidezko komunikazioa, Garaziko azoka…
  • The basques of Santazi (Leslie Woodhead eta Sandra OTT, 1987): Zuberoako Santa Grazi herriko baserri bizimoduaren edertasun eta zailtasunez hitz egiten duen filma.

Martxoak 23. Aurkezpena: Josu Martínez, Argibel Euba

  • Euskadi (René Le Hénaff, 1936): Louis Lumiérerrek asmatutako cinema en rélief teknikarekin Ipar Euskal Herrian filmatutako dokumentala.
  • Basker (Dan Grenholm eta Lennart Olson, 1963): Suediako telebistarentzat, euskal folklorearen inguruan filmatutako dokumentala.
  • Bonde I Baskerland (Dan Grenholm eta Lennart Olson, 1963): Aurrekoaren antzera, Suediako telebistarentzat nekazal bizimoduaren inguruan filmatutako dokumentala.

Martxoak 30.

  • Croquis en soule (Hubert Knapp, 1958): Teknika berezi batekin Zuberoa filmatu zuen Knapp zuzendariak.
  • Le curé Basque de Gréciette (Hubert Knapp, 1958): Apaiz azkaindar baten argazki pertsonal zein kolektiboa eskaintzen duen filma.