Lehen edizioak izandako arrakasta ikusita, Zineleku ikus-entzunezko udalekuek bigarren itzulia izango dute aurten. Gasteizko hirigune zaharrean gauzatuko da, uztailaren 23tik abuztuaren 3ra, eta elkarrekintza eta elkartrukea sustatuko ditu. Arabako Gazteriaren Foru Erakundeak eta Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzuak antolatuko dute, eta KalakaLabek gauzatuko du.

Programak ikuspuntu komunitarioari emango dio garrantzia. Hori dela eta, proiektuan parte hartuko duten gazteek Santa Maria Katedrala aterpetxean hartuko dute ostatu, eta irakasle eta ikaskideekin elkarbizitza eta ikasketa prozesu jarraia gauzatuko dituzte. Hala, aukera paregabea izango dute etorkizunerako ikus-entzunezkoen arloan lagun taldetxoa sortzeko.

2017ko programan ere hainbat jarduera antolatuko dituzte, eta gazteek zinemagintzako nahiz beste arte adierazpide batzuetako profesionalen eskola magistralak jasoko dituzte. Eskola eta hitzaldiez gain, proiekzio, performance eta kontzertuetara ere joan ahalko dute. 

zineleku-zinea-eus

Udalekuak aukera zinematografikoen ikuspegi zabala eskaintzea du helburu, eta hainbat alderdi zehatz landuko dituzte, hala nola, ondorengoak:

  • Zinema zuzendaritza
  • Soinu esperimentazioa
  • Soinua zuzenean grabatzea eta soinuaren postprodukzioa
  • Film baten sortze prozesua
  • Super 8mm-ko filmaketa eta errebelatua
  • Kultur kudeaketa eta produkzioa
  • Ideiatik zinema gidoirako bidea
  • Argiaren garrantzia: zinemarako argazkigintza

Irakasle lanetan, ostera, Luís Macías eta Adriana Villa (Super 8 mm-ko filmaketa eta errebelatua), Luca Rullo (soinu esperimentazioa eta zuzeneko grabaketa), Martin Guridi (soinu postprodukzioa), Maider Oleaga (gidoia), Juan Arrosagaray (errealizazioa) eta Garbiñe Ortega (zinema programazioa eta komisariotza) ariko dira.

Ikasleek, gainera, ariketa praktiko bat egin beharko dute, ondorengo bi aukeretako bat lantzeko: film labur bat ekoitzi eta errealizatu, edo gidoia amaitu ostean, proiektua ekoizteko bideak, finantzaketa eta pitchinga prestatu. Norberaren hautua izena emateko orrian zehaztu beharko dute.

Segidan lehen edizioko programaren laburpena eta ikasleen esperientzia biltzen dituen bideoa: