Zuzendaria: Danny Boyle
Urtea: 2017
Herrialdea: Erresuma Batua
Hogei urte igaro dira Mark Rentonek (Ewan McGregor) Eskozia utzi zuenetik. Denbora horretan guztian ez du heroinarik hartu. Orain, bere jaioterri Edimburgora itzuliko da, bizitza berri bati ekiteko eta bere lagun zaharrekin elkartzeko: David Spud Murphy (Ewen Bremner) eta Simon Sick Boy Williamsonekin (Jonny Lee Miller), hain zuzen ere. Bitartean, Francis Franco Begbie (Robert Carlyle) kartzelatik irtengo da, mendeku egarriarekin. Filma Irvine Welsh idazleak idatzitako Porno nobelan (2002) dago oinarrituta, eta Trainspotting pelikularen (1996) jarraipena da, honek ere Welshek idatzitako beste liburu bat ardatz duela (1993); filmaren izenburu berekoa, kasu honetan.
Nostalgia: bihozmin sentimendua, urruntasunak, hutsuneak, gabeziak, oroitzapenek edo norbaiten edo zerbaiten galerak eragina. Bada, nostalgia da Danny Boyleren Trainspotting film arrakastatsuaren sekuelaren ardatza, bai protagonistentzat, baita ikuslearentzat ere. Zuzendariarentzat ere badela esango nuke; aktore berdinak bildu eta istorioari jarraipena emateko arrazoia, behintzat, horrela ulertu nahiko nuke. Izan ere, gaizki pentsatuz gero, arrazoi komertzialak egongo lirateke T2: Trainspotting proposamenaren atzean. Hortaz, nahiago dut izaera erromantikoari heldu eta gauzak bere horretan utzi, nahiz eta pelikulan errepikatuko duten esaldiak susmo txarren atea ireki: “Aukera sortu ohi da lehenengo; traizioa, geroago”
Zalantzak zalantza, onartu behar dut ilusioa egin didala duela bi hamarkada ezagutu nituen pertsonaiekin berriro topatzeak. Ilusioa eta nostalgia, neuri ere. Garai horretan non eta zertan ari nintzen kontatzen ez naiz hasiko, baina esan dezaket pelikulak hunkitu ninduela, belaunaldi oso bati bezala. Gauzak horrela, ezinbestekoa iruditu zait Renton, Spud, Sick eta Franco berriro agurtzea, eta asmo horrekin hurbildu nintzen zinema aretora. Ez naiz damutu.
Ez da puntako pelikula bat, erdi mailakoa baizik. Drama ukituaren arrastorik ez dago, umore errazaren mesedetan; komedia huts bat baino ez da, zentzumenei atseden ematen dien horietakoa, eta musika lehen pelikula horrek ekarritako harribitxietatik urruti dago. Hala ere, hau guztia esanda, azkar pasa zaizkit bi orduak eta pozik irten naiz zinema aretotik, lagun zaharrekin une goxo bat pasatu ondoren bezain asebeteta, eta droga edo gehigarririk hartu gabe. Kontraesan eder hauek zinemaren magiak ekar ditzake bakarrik.
Hau gutxi balitz, lagun berri bat egin dut. Hain zuzen ere, berritasunak emakume izena du: Veronika (Anjela Nedyalkova). Bulgariako aktoreak ukitu exotiko eta freskoa emango dio lanari, tramari bultzada txiki bat emateaz gain. Iraganetik soilik ezin delako bizi, garai zaharrak askoz hobeak izan arren.