Tabakalera, Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Clermont Ferrandeko zinema jaialdia elkarlanean ariko dira beste behin film laburren Asterik Laburrena zikloa antolatzeko. Bihar, martxoak 1, hasiko dituzte saioak, eta igandera bitarte, Clermont Ferrandeko film laburren jaialdiko LABO saileko lanak, Kimuak katalogoko filmak eta Donostia Zinemaldiko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako (EIECINE) irabazleak izango dira ikusgai.
Clermont Ferrandeko film laburren jaialdiko sailik ausartena da LABO. Horiek Donostian eskaintzeko asmoz abiatu zuten zikloa Frantziako jaialdiak eta Euskadiko Filmategiak, eta aurrerago Kimuak katalogoko film laburrak batu zitzaizkion. Aurtengoan, gainera, Donostia Zinemaldiko EIECINEko lan saridunak ere eskainiko dituzte, eta ikastaro eta erakusketa bana egingo dituzte Tabakaleran.
Lehena Bartzelonako CraterLab sormen laborategiko Luis Macíasek eskainiko du, Super 8 milimetroko lantegia izenburupean. Ikasleek filmatzen, errebelatzen eta esperimentatzen ikasiko dute ostiraletik igandera.
Era berean, Anatomie du Labo erakusketa jarriko dute Arteuparten, eta LABO sailean parte hartu duten artisten marrazkiak, diseinuak, laminak, koadroak… izango dira ikusgai.
Lehen emanaldiak 19:00etan abiatuko dituzte, eta Tabakalerako Zinema 1 aretoan izango dira. Egitarau osoa:
- Asteazkena, martxoak 1: EIECINEko lan irabazleen emanaldia
- Osteguna, martxoak 2: Kimuak 2016 katalogoko filmen emanaldia
- Ostirala, martxoak 3: LABO saileko filmen lehen emanaldia
- Larunbata, martxoak 4: LABO saileko filmen bigarren eta hirugarren emanaldiak, 18:00etan eta 20:30ean
- Igandea, martxoak 5: LABO saileko filmen laugarren emanaldia, 18:00etan