Bilboko Gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiak Donostian ere izango du lekua, aste honetan, martxoaren 3tik 5era, bi film luze eta film laburren sorta bat eskainiko baitituzte Trueba zineman. Ez da, dena den, jaialdiaren lagin bat Gipuzkoako hiribururra heltzen den lehen aldia, Donostia Kulturak, Ehgamek, Gehituk eta Zinegoak jaialdiak berak, Sebastiane Sariarekin lankidetzan, bederatzigarrenez egingo baitute zikloa.

Daniel Abmaren Transit Havana eta Adrián Silvestreren Los objetos amorosos izango dira aurten Donostian eskainiko dituzte bi luzeak. Emanaldiak ostiralean eta larunbatean, hurrenez hurren, egingo dituzte, 19:45etik aurrera Trueba zineman.

Lehenak Kuban bizi diren pertsona transgeneroen egoera izango du aztergai, Odette, Juani eta Malú protagonisten bidez. Izan ere, urtean behin Herbehereetako eta Alemaniako bi zirujau Habanara joaten dira bost pertsona transgenerori ebakuntza egitera.

Zinegoak-Donostia-Zinea-eus

Silvestreren lanak, ostera, Italiara eramango gaitu. Bertara helduko da Luz gazte kolonbiarra, bi urteko semea sorterrian utzita. Burutan zuen amets europarra, baina, berehala zapuztuko zaio, eta hutsetik hasi beharko da bizimodu berria eraikitzen.

Igandean, ordea, Kosovotik, Espainiatik, Frantziatik eta Euskal Herritik heldutako sei film labur izango dira ikusgai, leku eta ordu berean:

  • Grávido (Alejandro Durán, 2017)
  • Alto riesgo (Juan Flahn, 2016)
  • Gabber Lover (Anne Cazenave-Cambet, 2016)
  • Narciso (Koldo Almandoz, 2016)
  • Home (More Raca, 2016)
  • ¡No es nada! (José A. Cortés Amunarriz, 2015)

Sarrerak SADEren bidez eskuratu ahal izango dira.