Hautagaitza gehien zituen filma zen Damien Chazellen La La Land, eta Oscar sarien aurrekari diren Urrezko Globoetan ere nabarmen nagusitu zen. Horregatik, bart gauean ere, protagonista bilakatzeko aukera gehien zituen Emma Stone eta Ryan Gosling buru dituen musikalak, Warren Beatty eta Faye Dunaway aktoreen nahasteak protagonismoa kendu dien arte. Azken unean, Barry Jenkinsen Moonlight dramak eskuratu du film onenaren sari preziatua.
Sorpresarik gabeko ekitaldia zirudien. Emakumezko aktore onenaren saria Emma Stonentzat (La La Land), gizonezko aktore onenarena Casey Affleckentzat (Manchester by the Sea), taldeko emakumezko aktore onenarena Viola Davisentzat (Fences) eta taldeko gizonezko aktore onenarena Mahershala Alirentzat (Moolight). Azken hori izan ezik, gainerakoak Urrezko Globoetan errepikatu ziren.
Ingelesaz besteko hizkuntzetan errodatutako film onenaren saria Asghar Farhadi iraniarraren Forushande (The Salesman) filmarentzat izan zen, animaziozko film onenaren saria Zootopiak eskuratu zuen, eta soinu banda, abesti, argazkigintza, ekoizpen eta zuzendaritza onenaren sariak La La Landentzat izan ziren. Sorpresa handirik ez, beraz.
Jatorrizko gidoi onenaren saria, ostera, Kenneth Lonerganen Manchester by the Sea bikainak ostu zion, eta muntaia onenarena Mel Gibsonen Hacksaw Ridge gerra giroko dramak.
‘Moonlight’ garaile
Honenbestez, Warren Beatty eta Faye Dunaway galako azken saria ematera eszenatokira igo zirenean, La La Land filmak gaueko zazpigarren Oscar saria jaso zuela entzuteko prest zen Hollywoodeko Dolby Theatre antzokia. Eta hala izan zen, Emma Stone-i emakumezko aktore onenaren Oscar saria ematen zion gutunazala zabaldu zutelako.
La La Land filmeko talde osoa eszenatokira igo zen orduan, eta Damien Chazellek aurrez prestatutako hitzaldia bota zuen, pozik, hunkituta. Pixkanaka, ostera, okerraz ohartaraztera sartu ziren errejidoreak eta Jimmy Kimmel aurkezlea, eta gutunazal zuzena eskuetan zuela, Jordan Horowitz ekoizleak akatsaren berri eman zuen: “Oker bat izan da. Moonlight, zuek zarete garaileak. Ez da txantxa”.
https://youtu.be/n2xd_exQvgk
Horregatik, surrealista dirudien arren, La La Land filmeko lantaldeak iragarri du film onenaren garaikurra Moonlight lanarentzat izan dela.
Film onena: Moonlight (Barry Jenkins)
Zuzendari onena: Damien Chazelle (La La Land)
Emakumezko aktore onena: Emma Stone (La La Land)
Gizonezko aktore onena: Casey Affleck (Manchester by the Sea)
Taldeko emakumezko aktore onena: Viola Davis (Fences)
Taldeko gizonezko aktore onena: Mahershala Ali (Monlight)
Jatorrizko gidoi onena: Kenneth Lonergan (Manchester by the Sea)
Egokitutako gidoi onena: Barry Jenkins eta Tarell Alvin McCraney (Moonlight)
Argazkigintza onena: Linus Sandgren (La La Land)
Ekoizpen diseinu onena: David Wasco y Sandy Reynolds-Wasco (La La Land)
Aminaziozko film onena: Zootopia (Byron Howard eta Rich Moore)
Ingelesaz besteko hizkuntzetan errodatutako film onena: Forushande (Asghar Farhadi)
Dokumental onena: O.J.: Made in America (Ezra Edelman)