Paul Verhoevenen lana, atzerrian ez ezik (Urrezko Globoa eskuratu zuen urte hasieran), etxean ere saritu dute, ostiralean film onenaren Cesar saria eskuratu baitzuen Parisen. Dena den, zuzendari onenaren garaikurra Xavier Dolan zinegile kanadar gaztearentzat izan zen, Juste la fin du monde lanagatik, eta 2016an 500.000 ikusletik gora izan zituen Merci patrón! (François Ruffin) dokumentala izan da irabazlea kategoria horretan.
Uste baino banatuagoak izan dira Frantziako Zinemaren Arte eta Tekniken Akademiak banatu dituen 42. Cesar sariak. Paul Verhoevenen Elle eta François Ozenen Frantz ziren faborito nagusiak, 11 hautagaitzarekin, baina ez batak ez besteak, ez zituzten aurreikuspenak bete, nahiz eta Elle lanak film eta emakumezko aktore (Isabelle Huppert) onenaren sariak eskuratu dituen. Frantzen kasuan, emaitza are kaskarragoa izan da, argazkigintza onenarena baino ez baitu jaso.
Aldiz, Xavier Dolanek zuzendari, muntaia eta gizonezko aktore (Gaspard Ulliel) onenaren garaikurrak jaso ditu Juste la fin du monde dramagatik. Zinegilea oso pozik azaldu zen, bere lanek Frantzian harrera beroa dutela ikusita.
Aldarrikapenentzako tartea
Baina ostiraleko ekitaldian dena ez zen atsegina izan. Ohorezko Cesar saria jaso zuen George Clooney aktore estatubatuarrak AEBtako presidente Donald Trumpen politikak kritikatzeko baliatu zuen bere tartea, “beldurraren eta gorrotoaren teknika” erabiltzen duela salatuz.
Fakir aldizkariaren zuzendari François Ruffin kazetaria, aldiz, dokumental onenaren garaikurra jasotzera igo zen taula gainera (euskarazko azpidatziekin ikusgai Filmazpit plataforman). Lanak Klur senar-emazteen istorioa kontatuko digu; Frantzia iparraldeko Kenzo fabrikan egiten zuten lan, Bernard Arnault enpresaren jabe eta negozio-gizon aberatsak fabrika Poloniara eramatea erabaki zuen arte, ekoizpen gastuak murrizteko. Ondorioz, Klur bikotea zorpetuta dago, eta Ruffinek haien egoerari konponbidea bilatu nahiko die.
Bada, dokumentalaren aztergaiari tiraka, Frantziako enpresen deslokalizazioa kritikatu zuen zinegileak, obreroen lan baldintzen gaineko kezka iritzi publikora heltzen ez denez, inor gutxik haien alde egiten duela ikusarazi nahian. Aldiz, “Legebiltzarra Varsoviara deslokalizatuko bagenu, berehala egongo lirateke eztabaidak parlamentuan, eta lege proposamen bat sortuko litzateke”.