Martxoaren 31tik apirilaren 7ra luzatuko da Donostiako 15. Giza Eskubideen Zinemaldia, eta pixkanaka giroa berotzen joateko, antolatzaileek dozena erdi filmen izenburuak aurreratu dituzte. Besteak beste, Andrzej Wajda poloniarraren Afterimage / Powidoki eta Iban Gonzalezen Ama, nora goaz? izango dira ikusgai.
Donostia Kulturak eta Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Sailak antolatutako jaialdiaren 15. edizioa Mohamed Diab zinegilearen Clash film egipziarrak zabalduko du. Cannesko Un Certain Regard atalean estreinatu zuten iaz, eta nazioarteko festibaletan ibilbide oparoa egiten ari da geroztik. 2013ko uda, Kairo. Udaberri Arabiarretik bi urte igaro direnean, Morsi kargugabetuko dute, eta herritarrak kalera irtengo dira protesta egitera. Sinesmen eta joera politiko anitzeko lagunak atxilotuko dituzte orduan, guztiak elkarrekin. “Elkarren arteko ezberdintasunak gainditzeko gai izango dira?”, galdegiten du Diabek filmaren sinopsian.
https://youtu.be/5km7bDqMNjo
Udaberri Arabiarraren arrastoa ez ezik, artearen alorreko zentsura, ustelkeria kasuen aurkako borroka, lan munduko gatazkak eta genero berdintasuna bezalako gaiak era izango dituzte aztergai astebetez Donostian ikusgai izango diren film eta dokumentalek.
Jaialdiko arduradunek zortzi filmen izenburuak aurreratu dituzte, ondorengoak:
- Afterimage / Powidoki – Andrzej Wajda (Polonia, 2016). Wladyslaw Strzeminski margolari famatua eskolak ematen dituen unibertsitatetik botako dute, Bigarren Mundu Gerran, bere lana gobernu poloniarrak ezarri nahi duen errealismo sozialeko doktrinatik urruntzen delako. Pobrezian biziko da ordutik.
- Ama, nora goaz? – Iban Gonzalez (Euskadi, 2016). Espainiako Gerra Zibilean, frentetik aldenduta baina funtsezko zereginetan aritutako emakume gipuzkoarren erretratua.
- Los gigantes no existen – Chema Rodríguez (Espainia eta Guatemala, 2016). Guatemalako genozidioan girotutako istorioa, bederatzi urteko Andres mutikoaren begietatik.
- Glory / Slava – Kristina Grozeva eta Petar Valchanov (Bulgaria eta Grezia, 2016). Bulgariako ustelkeria kasuen testuinguruan, Tsanko Petrovek diruz betetako poltsa bat aurkituko du trenean. Poliziari itzuliko dio, eta bere eskuzabaltasuna baliatuko du Garraio Ministeritzak korrupzio salaketetatik aldentzeko.
- Land of the Gods / Dev Bhoomi – Goran Paskaljevic (India eta Serbia, 2016). Denbora luzez Europan erbesteratuta egon ostean, Himalayara itzuliko den Rahulen istorioa. Komunitateak ez dizkio iraganeko bekatuak barkatuko.
- La mano invisible – David Macián (Espainia, 2016). Isaac Rosaren eleberri homonimoan oinarritutako filma, lan munduaren inguruko gogoeta satirikoa.
- Tempestad – Tatiana Huezo (Mexiko, 2016). Narkotizatutako Mexikon bizi diren Miriam eta Adela andrazkoen bizimodua pantailaratuko du filmak.
- Últimos días en La Habana – Fernando Pérez (Kuba eta Espainia, 2016). Miguelek eta Diegok ez dute zerikusirik, baina oso ezberdinak izan arren, bien arteko harremana pixkanaka indartzen joango da.