Asteko estreinaldien errepasoa Euskalerria Irratian:
T2: Trainspotting
Hogei urteren ostean, bueltan da Danny Boylek 90eko hamarkadan zuzendutako kultuzko filmaren bigarren atala, T2 Trainspotting. Renton, Sick Boy, Begbie eta Spud drogazaleentzat ere hogei urte igaro dira; lagunei ostutako diruarekin, Amsterdamen igaro ditu azken hamarkadak Rentonek, eta dibortzio demanda bati erantzutera Edimburgora itzulitakoan, lagun zaharrekin egingo du topo. Ewan McGregor aktore protagonistaren hitzetan, John Hodgen gidoia izan da aktore guztiak proiektura bigarrenez batzeko arrazoi nagusia; lehen atalaren gidoia bezalaxe, bigarrena ere Irvine Welsh idazlearen eleberri batean oinarrituta dago, kasu honetan, 2002an kaleratu zuen Porno lanean.
Psiconautas, los niños olvidados
Europako Zinemaren Sarietan animaziozko film onenaren saria jasotzeko hautagaia izan zen iaz Pedro Rivero bilbotarraren eta Alberto Vázquez galiziarraren Psiconautas, los niños olvidados filma; berriki, gainera, animaziozko film onenaren Goya saria jaso du. Basque Films ekoizpen etxeak Zircozinerekin batera ekoitzitako filmak minari eta maitasunari buruzko gogoeta proposatuko digu. Birdboy eta Dinki neba-arrebak hondamendi ekologiko batetik ihesi ariko dira. Dinkik bidaia arriskutsu bat abiatu nahiko du leku seguruago baten bila, baina arrebarekin joateko, barne gatazkei aurre egin beharko die Birdboy bakartiak.
Fences
Denzel Washingtonek gidatu eta antzeztutako Fences film onenaren eta gizonezko aktore onenaren Oscar sariak jasotzeko hautagaia da, besteak beste, eta Urrezko Globoetan taldeko emakumezko aktore onenaren saria jaso zuen Viola Davis bikainak. Pulitzer Saria eskuratu zuen August Wilsonen antzerki obra homonimoan oinarrituta dago filma, hain zuzen, Washingtonek berak Brodwayn antzeztu zuen obran. 50eko hamarkadan, arrazarekin lotutako aurreiritzien aurka borroka egin behar izan zuen gizonezko afroamerikarra gorpuztuko du lanean. Istorio gordin bezain indartsua.
Ma Vie de Courgette (Mi vida de Calabacín)
Animaziozko film onenaren Urrezko Globoa eskuratu berri du Calude Barras zinegilearen lan txiki eta ederrak. Ama galdu berri duen haurtxo ausarta da Courgette (Kuiatxo), eta umezurztegi batera eramango dute. Adin bereko bost lagunekin egingo du topo bertan, eta pixkanaka, ingurune arrotzean egokitzen joango da. Donostia Zinemaldiko Perlak sailean eskaini zuten filmak oso harrera beroa izan zuen gurean, eta ikusleen saria jaso zuen.
Jours de France (Cuatro días, cuatro noches)
Pascal Cervo eta Arthur Igual Pierre eta Paul bikotekideen azaletan sartuko dira Jérôme Reybaudek gidatutako maitasun istorioan. Pierrek Paul utziko du, eta Frantzia zeharkatzea erabakiko du, jomuga garbirik gabe. Ligatzeko Grindr aplikazioa baliatuko du, eta bertatik, Pierrek Paul non dabilen jakingo du. Lau egunen eta lau gauren ostean, itzuliko ote dira?
Rangoon
Bigarren Mundu Gerrako Birmanian girotutako drama zuzendu du Vishal Bhardwaj zinegileak. Julia Mumbaiko antzoki bateko izarra da; egun batean Birmaniara joango da, eta indiako armada nazionalarekin egingo du topo bertan. Era berean, britainiarrei laguntzen ari den Nawab Malik soldadu indiarra ezagutuko du, eta maitemindu egingo dira. Kangana Ranaut eta Shahid Kapoor aktoreek antzeztu dituzte filmeko protagonistak.
Es por tu bien
José Coronado, Javier Cámara eta Roberto Álamo aktoreek gorpuztutako Arturo, Poli eta Chus gurasoek beldur bera dute: euren alaba nerabeek mutil-lagun mespretxagarriak topatzea. Bada, amesgaiztoa egi bihurtuko da, eta egoerari aurre egiteko, indarrak batzea erabakiko dute, mutil-lagunei gerra deklaratzeraino. Carlos Therónek gidatutako proiektu espainiarra Quexito Films eta Telecinco Cinemak ekoitzi dute.
Zvizdan (Bajo el sol)
Hiru hamarkadatan zehar jazotako hiru maitasun istorio ditu ardatz Dalibor Matanic zinegilearen proiektu berriak. Balkanetako Gerraren testuinguruan, gizon kroaziar bat (Goran Markovic) eta emakume serbiar bat (Tihana Lazovic) maitemindu egingo dira.