Animakom Nazioarteko Animazio Komunitatearen Bilboko Jaialdi berria martxoaren 16tik 19ra egingo dute BBF Bilbao Berrikuntza Factory eraikinean. Proiektuaren atzean, besteak beste, berriki bere bigarren Goya saria jaso duen Pedro Rivero zinegile bilbotarra dago (Psiconautas, los niños olvidados filmagatik, animaziozko film onenaren kategorian), eta lehen edizio honetan 600 lan baino gehiago jaso dituzte.

 

Animakom-Zinea-03

Animaziozko sorkuntza berrienak ikusgarri egitea eta profesional zein zaleentzako topagune bilakatzea du helburu Animakom jaialdi berriak. Proiektuak Zinebi, Fundación SGAE, Bilbao Web Fest, Develop Film Market eta Platanobolígrafo bezalako ekimenen babesa jaso du, eta lehen edizioa martxoaren 16tik 19ra egingo dute, ostegunetik igandera.

Lanak bidaltzeko epea otsailaren 20an itxi berri dute, eta orotara 600 lan inguru jaso dituztela nabarmendu dute antolatzaileek. Filmok bi sail nagusitan izango dira ikusgai: batetik, Film Laburren Sail Ofizialean, non nazioarteko zein bertako lan esanguratsuenak eskainiko dituzten; eta bestetik, sortzaile berriei zuzendutako ikasleentzako sail lehiakorrean.

Egitaraua osatzeko, halaber, atzera begirako zikloak eta tailerrak ere egingo dituztela iragarri dute; eta emakumezko animaziogileen lana saritzeko, urtero, ohorezko sari bat banatuko dute.

Animakom jaialdiaren inguruko informazio gehiago eskuratzeko, pixkanaka osatzen ari diren webgunea duzue eskura.