tarde-para-la-ira-zinea-eusIzenburua: Tarde para la ira

Zuzendaria: Raúl Arévalo

Urtea: 2016

Herrialdea: Espainia

Madril, 2007. urtea: Curro (Luis Callejo) atxilotu du poliziak, autoarekin ihes egiten saiatzen ari zenean. Bitxi-denda batean lapurreta egiten ari ziren lagunen zain zegoen auto barruan, baina polizia bat-batean agertu eta atzeman du. Lapurrek ihes egitea lortu dute; Curro, ordea, kartzelaratuko dute.

Madril, zortzi urte geroago: zigorra bete ondoren, Curro bizitza berri bati ekiteko prest irten da espetxetik, bere semearekin eta bikotearekin, Anarekin (Ruth Díaz), egoteko gogoz. Baina, José (Antonio de la Torre) azalduko da eta bere asmoak hankaz gora jarriko ditu.

Beranduegi da Josérentzat, tarde, sumindura eta haserrea modu gordinenean azaleratu arren. Inork ez dio galdutakoa itzuliko, egiten duena eginda ere. Honela interpretatuko nuke filmaren izenburua, protagonista nagusiak arratsalde bat baino gehiago baliatuko baitu mendekua gauzatzeko. Egoera irudikatzen zortzi urte eman dituela esango nuke, mendeku egarriz, muturreko egoeretan gizakiari piztu ohi zaion sen ilunak bultzatuta.

Hain zuzen ere, horrexegatik iruditu zait horren gogorra Raúl Arévaloren lehen lana, proposatutako indarkeriaz haratago: ulergarritzat joko dugu protagonista nagusiaren jokabidea, eta sentimendu hori izatea bortitza da gero. Hitz batean, norberak zigorra ezartzeko ustezko eskubidearekin bat egingo dugu, gaizkileei txanpon berarekin ordaintzea bidezkoa delakoan. Fikzioaz ari gara, noski, baina ideia horren alde lerrokatze hutsa beldurgarria iruditzen zait. Izan ere, fikzioa eta errealitatea ez daude hain urrun.

tarde-para-la-ira-3-zinea-eus

Adibide bat: fikzioan ez ezik, errealitatean ere badago Carrasco izeneko taberna bat, Madrilen, eta antzeko pasarte ilun baten lekuko izan da hura ere. Kasualitatea? Baliteke, Carrasco tabernaren inguruan bitxikeria asko daudelako: pelikularen gidoia idatzi zuenean, zuzendariak jada izen hori jarria zion tabernari; bada, lokalizazio egokiena aurkitzeko lanetan, izan perfektua zuen taberna bat topatu zuen Madrilen, Usera barrutian… eta, hara non, horrek ere Carrasco zuen izena. Kausalitatea? Nork daki.

Eszenatoki horretaz gain, filmak leku zabar gehiago erakutsiko dizkigu; gimnasio susmagarri eta dekadentea, kasu. Pelikulako eszenarik estugarriena bertan gauzatuko da, hasierako auto istripuaren pasartearen baimenarekin. Zikin eta utzitako atmosfera horretan mugituko dira pertsonaiak, itolarrian, bakoitza bere mamuekin. Testuinguru honetan, Antonio de la Torrek atsekabetuaren papera egingo du berriro. Bikain arituko da, baina beldurra dut aurrerantzean ez ote duten rol horretara mugatuko, bere azken lanak nolakoak izan diren ikusita. Galera handia litzateke, Malagako aktoreak dituen dohain eta aldaerak kontutan hartuta.

Raúl Arévalori dagokionez, aktore on bat galduko genuke bere ogibidea zuzendaritzara bideratuz gero. Zinemagile bikain bat irabaziko genukeela esango lukete orain askok. Momentuz, ikusleak eta kritika harrapatu ditu bere lehen film luzearekin, eta Goya sariarekin laudatu dute. Bistan da etorkizun oparoa duela, baina iruditzen zait oraindik goiz dela bere inguruan piztutako ikusmina asebeteko duen ala ez jakiteko. Espero dezagun arratsalde bat baino haragoko kontua izatea, zinemaren eta zinemazaleen onerako.