Euskaltzaleen Topaguneak urtero antolatzen duen Laburbira zirkuitua bueltan da. Martxoaren 3an hasiko da Azpeitian, eta apirilaren 7ra arte, 32 herritatik igaroko da, zortzi euskal film labur aurkezteko. Tartean, Alejandro Díaz Castañoren Ihesa eta Kepa Sojoren Hileta.

Laburbira-Zinea-02

Euskarazko film laburren ibilbidea luzatzea eta euskal sortzaileak ezagutaraztea du helburu Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen Laburbira zirkuituak. Horretarako, deialdi ireki bat kaleratzen du, eta aurkeztutako lanen artean zortzi aukeratu, Euskal Herriko (zein atzerriko) hainbat herritan aurkezteko.

Bada, XIV. edizioa martxoaren 3tik apirilaren 7ra luzatuko da, eta Sondika, Paris, New York, Gasteiz, Hernani, Hondarribia, Sestao, Valentzia, Bergara, Mutriku eta Londresen egingo dituzte emanaldiak, besteak beste. Egutegi osoa hemen.

Filmei dagokienean, zortzi proiektu eskainiko dituzte, ondorengoak:

  • Oier Fuentesen Azken saskia (2016), Nafarroako azken saskigileen inguruko dokumentala.
  • Ageda Kopla Taldearen Beti Bezperako Koplak (2016), Maialen Lujanbiok Santa Ageda bezperako ospakizunak ardatz hartuta, genero indarkeriaren kontra egindako salaketaren egokitzapena.
  • Alejandro Díaz Castañoren Ihesa (2016), sukaldeko itoginetatik abiatuta, bizilagunekin espero gabeko topaketa izango duen Iosu isilaren istorioa.
  • Kepa Sojoren Hileta (2016), Carl Theodor Dreyerrek 1955ean zuzendu zuen Ordet filmaren eszena baten interpretazioa.
  • Euspot Lehiaketako Film Onenak (2016)
  • UDA Films ekoizpen etxearen 280º (2016), Lekeitioko Zine Bileraren Gazte 22 sariaren irabazlea.
  • Ibon Iza Totorikaren Elemakarrak (2016), hizkuntzaren auzia aztergai duena.
  • Eki Pagoagaren Jalgi (2015), Iratze izeneko haurraren eta dantzaren arteko harremanaz.