Martxoaren 3ko estreinaldiaren aurretik, bihar, otsailak 22, Fernando Gonzalez Molinak zuzendutako Zaindari ikusezina eskainiko dute Iruñeko Baluarten. Sarrerak agortuta daude dagoeneko, eta filmeko hainbat aktore izango dira ekitaldian, tartean, Marta Etura protagonista eta Itziar Aizpuru.

Dolores Redondoren Baztango Trilogia arrakastatsuaren lehen atalaren egokitzapen zinematografikoa datorren ostiralean estreinatuko da zinema aretoetan, baina aurre-estreinaldia bihar bertan, otsailak 22, egingo dute, Baluarte auditorioan. Sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko, dena den.

Lana Lesakan, Elizondon eta Nafarroako beste hainbat herritan errodatu zuten iragan apiril eta maiatzean, eta Madrilen izan ziren ostean. Soinu banda Fernando Velazquez getxoztar musikari ezagunak osatu du (jatorrizko soinu banda onenaren Goya saria jaso berri du J.A. Bayonaren Un monstruo viene a verme lanagatik), eta Baluarten bertan grabatu zuten urrian, Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin.