Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak agerraldia egin zuen atzo, otsailak 20, Donostiako Tabakaleran, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Zinemaldiarekin eta Euskadiko Filmategiarekin batera, garatzen ari den zine eskola-proiektuaren nondik norakoak egunean jartzeko. Itxasoren hitzetan, lanak martxotik abuztura luzatuko dira, eta urrian zabalduko ditu ateak eskolak, lehen ikasleak 2018an iritsiko badira ere.
Tabakalerako 0 solairuan 539 metro koadroko azalera hartuko du zine eskola berriak. Hezkuntza ez-arautua eskainiko du, ikasketa plana oraindik hautatzeko dagoen zuzendaritza taldeak adostuko badu ere, eta eskolaren indargunea proiektuaren bi aliatuak izango dira: Donostiako Zinemaldia eta Euskadiko Filmategia. Izan ere, ikasleek haien baliabideak (Ubik liburutegia eta emanaldien aretoa) erabiltzeko aukera izateaz gain, bi eragileok gidatutako ikasketa-moduluak ere lantzeko aukera izango dute.
Orotara, hiru modulutan oinarrituko da eskaintza: sormen eta zuzendaritza zinematografikoa, bide berritzaileak jomugan dituztela; ekitaldien antolaketa eta plangintza, Zinemaldiaren esperientziatik abiatuta; eta filmen artxibatzea, katalogatzea eta zaharberritzea, Euskadiko Filmategiaren babespean.
Aretoa hiru gelatan banatuta egongo da: handienak 25 lagunentzako lekua izango du, eta beste bi tailerrak txikiagoak izango dira (hamabost lagunentzako); argazkigintza lantzeko eta filmak proiektatu zein editatzeko baliatuko dituzte.
Dena den, Tabakalerako zinema eskolak ez du Andoaingo Zine eta Bideo Eskolaren eta Larrotxe Bideoren jarduna zapaltzeko helbururik, haiek borobiltzekoa baizik. Itxasoren hitzetan, zine eskolak prestakuntza profesionalagoa eskainiko du, eta beste zentroetan aritutako lagunek ikasketak osatzeko aukera izango dute Tabakalerako zine eskolan.
Lanak
TGA estudioak egin du proiektu arkitektonikoa, eta bertako arduradunek gainbegiratuko dituzte martxotik abuztura luzatuko diren lanak. Lizitazioa zabaldu berri dute, 285.750 euroan (BEZ zenbatu gabe), eta lanak adjudikatzeko prozesua martxan da jada.
Eskola urrian zabaltzeko asmoa dute, zenbait “programa” eskaintzeko. Dena den, ikasleak ez dira 2018ra arte helduko.