Vital Fundazioak antolatuta, Euskal Zinemaren Astea egiten ari dira egunotan Arabako hiriburuan. Atzo, otsailak 20, hasi zen jaialdia, eta larunbatera arte iraungo du. Urtez urte, geroz eta ikus-entzule gehiago hurbiltzen dira saioetara, eta aurtengoa 33. edizioa izango da.

Euskal-Zinemaren-Astea-2017-Zinea-01

Jaialdiaren historian ehunka euskal film proiektatu dituzte Gasteizko Euskal Zinemaren Astean, bertako ekoizpen zinematografikoa laguntzeko eta hedatzeko asmoz. Vital Fundazioko taldeak borondate eta gogo handiz aukeratu ditu filmak beste behin ere, haien hitzetan, “talentua erakutsi duten” hamabi euskal ekoizpen, sei luze eta sei labur. Emanaldiak Vital Fundazioaren egoitzako aretoan egingo dituzte, Gasteizko La Paz kalean, 20.00etan.

Emanaldien ondoren, ikusleek botoa emateko aukera izango dute, jaialdiko film onena aukeratzeko. Hala, ikusleen faboritoaren izen-abizenak larunbateko azken saioan ezagutaraziko dituzte. Bestalde, antolakuntzak Gutako bat saria emango dio zinema munduko Arabako profesional entzutetsuenari.

Sarrerak hiru euroan izango dira eskuragai saioak baino ordubete lehenago, baina aurretik ere erosi ahalko dira, egoitzako Kordoi Etxean, 8:30etik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era. Aste osorako bonuak, aldiz, hamabi euro balio ditu.

Atzo otsailaren 20an, Helena Tabernaren Acantilado eta Rubén Salazarren Villa Mnemósine eskaini zituzten. Datozen egunetako egitaraua:

Asteartea, otsailak 21:

  • Alejandro Díaz Castañoren Ihesa film laburra.
  • Félix Viscarreten Vientos de la Habana film luzea.

Asteazkena, otsailak 22:

  • Kepa Sojoren Hileta film laburra.
  • Patxo Telleriaren Igelak film luzea.

Osteguna, otsailak 23:

  • Mikel Ruedaren Caminan film laburra.
  • Daniel Calparsororen 100 años de perdón film luzea.

Ostirala, otsailak 24:

Larunbata, otsailak 25:

  • David P. Sañudoren Tiempos muertos film laburra.
  • Iratxe Mediavillaren Argi film luzea, eta ondoren, sari banaketa ekitaldia.